Ehun lagunek baino gehiagok eman dute Erreka Egunerako izena
Urola garbitzen 2004an hasi zirenetik 600 kilo inguru jaso dituzte urtean batez beste. 09:30ean elkartuko dira plazan. Ikusgai daude taldeen zerrendak webgunean
Aurtengoa 15. Erreka Eguna da Legazpin. Etzi egingo dute. 09:30ean hasita, Brinkolatik Saturnino Telleria kaleraino doan Urola errekaren zatia garbituko dute honezkero izena eman duten ehunetik gora boluntarioek; Urtatza erreka ere garbituko dute. Kopurua oraindik ere handitu daiteke, edota eguraldi txarra eginez gero, egunean bertan txikitu.
Izena eman dutenekin lan taldeak osatu dituzte jada eta zerrendak ikusgai daude Legazpiko Udaleko webgunean (legazpi.eus). Uretan ibiltzeko oineta- koak eramatea gomendatu dute eta erraz hartzeko moduan dagoen zaborra jasotzea soilik. Aurrez izena eman gabe doazen boluntarioek antolatzaileei jakinarazi behar diete istripu asegu- ruan aintzat har ditzaten. Garbiketa lanak 12:30ean bukatuko dituzte eta ondoren mokadutxoa eskainiko diete. Joan-etorriak bizikletan egiteko gomendioa ere egin dute.
Azken hamabost urteetako erreka egunetan ibaitik jasotako zabor kopuruaren batez bestekoa 600 kilokoa da. Aitzitik, marka guztiak apurtu diren urteak izan dira. Esate baterako, 2006an 2.500 kilo bildu zituzten eta partaidetza marka ere izan zen: 135 boluntario.