Klima aldaketaren kontrako mundu greban parte hartzeko deia egin dute Landarlanek eta Ordiziako Udalak
Klima aldaketarekin kezkatuta, Fridays for futur, gazteen mugimenduak mundu greba deitu du ostiralerako eta Landarlan Ingurumen Elkarteak bat egingo du deialdiarekin. Bide batez, herritar guztiei dei egin die egun horrekin bat egiteko. «Langileen greba orokorraren bidez, giza jardunak klima aldaketaren gainean duen eraginaren aurkako borrokara ahalik eta jende gehien biltzea lortu nahi» dute.
Landarlaneko kideek kezka agertu dute atmosferara egiten diren isurketak direla eta: «Klima aldaketaren inguruko adituen gobernu arteko taldearen azken txostenaren arabera, CO2 isurketak igo ahala, munduak gero eta arazo larriagoak izango ditu eta uste baino lehenago gertatuko da hori». Txosten horren arabera, «2030. urtean dugu muga».
Landarlanek iritzi du «larrialdi egoera hori, neurrigabekoa eta desegokia den ekoizpen eta kontsumo eredu baten ondorio» dela eta eredu horrek «gure biziraupena , bai landare eta animalia espezie ugarirena ere arriskuan jartzen» duela. Era berean, «inpaktu suntsitzailea izango du munduko biztanlerik ahul eta probreengan».
Horregatik guztiagatik, ostiralerako deituta dagoen greban parte hartzeko deia egin du Landarlanek; «ikasleen batzarrak eta greba ikastetxeetan, kontsumo greba, lantokietan trantsizio ekologirako neurriak eskatzeko batzarrak egitea, langileen greba eta elkarretaratzeak eginez», besteak beste. Klima aldaketaren arazoa ez handitzeko neurriak hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Bestalde Ordiziako Udalak ere bat egingo du deialdiarekin. 11:00etatik 12:00etara lan etenaldia egingo dute udaletxean eta 11:30ean elkarretaratzea deitu dute Plazan Nagusian.