Udako produktuak, negukoei tokia egiten
Oso aberatsak dira garai honetako feriak udako produktuak hor direlako oraindik eta udazken-negukoak ugaritzen ari direlako, babarrun beltza, azak edo kalabazak tartean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/09/2019-09-26-p008_f02.jpg)
Udazken fruituak nagusi dira Ordiziako ferian, udazkena hastearekin batera: sagarra, gaztaina, hurra, intxaurra, piku berdea eta beltza, udarea eta oraindik aran eta marrubi gutxi batzuk ere bai.
Atzo ikusitakoetatik azpimarratzekoa babarrun beltza da. Postuz postu dezente da aukeran, ale ederreko lekan (10-11€/k) eta gutxi batzuk jadanik aletuta ere bai (13€/k). Ondoan aza buru ederrak zeuden, bai lisoak baita kizkurrak ere (1,8-3€/buruko). Arbi mota ezberdinak eta brokoliak ere aukeran ziren. Kuia mota dezente ere bai: borobila, tronpeta eta estimatuenetakoa den potimarron delako kalabaza, azal eta guzti jan daitekeena eta oso gustu gozokoa. Familia berekoa kukurbitazeoa den txaiota ere bada aukeran. Arantxa Zurutuzaren postuan zegoen salgai, «hemengoek ez dute erosten, gaur portugaldar batek esaten aritu zait berak nola prestatzeko ohitura zuen». Poliki-poliki ohitu eta gustu hartuz gero hemen erraz eta ugari etortzen da.
Dena berandugo datorrela aurten baieztatua gelditu da, baina salbuespen bat behar zen eta horra! Baratxuri freskoak ekarri zituen atzo Baliarraingo Edurne Jauregik, euroan sorta. Edurne esperimentu zalea da eta esan zuenez, «aurten udan bestetan baino lehenago sartu nituen eta baita etorri ere. Ondo saltzen dena da gainera». Tomate mota asko ere baditu salgai Irabiazpikoak, gerezi tomatea, arrosa, eta Monserrat izenekoa da azkenik ekarria.
Piper erre usaina
Jose Luis Amatriainek garai honetan piperrak erre ohi ditu, Barrena aurrean azken urteetan. Aurten plazan bertan hasi da, berak postua jarri ohi duen tokian. Darion usaina jendea erakartzeko baliabide ezin egokiagoa da. Atzo aukeran zuena pikiloa zen, freskoan euro batean kiloa eta, erreta, dozena 2 euroan, 5 kilo 10 euroan eta 10 kilo 18 euroan, gordinik pisatuta. Freskoan, Naxerakoa (1,45-1,95 €/k) eta morroa (1,5-3,5€/k) ditu.
Plaza barneko postuetan piper asko dago aukeran: piper mina, italiarra, Gernika, morroa, luze gozoa… Aurten oso piper urte ona doa.
Atibergoak feriei agur
Udako oporrak betirako luzatuko dituzte Mutiloako Aitibergo aurrautza saltzaileek. «Pena eman digu, ondo saltzen genuen, bezero eta lagun asko dugu hemen, baina adina aurrera eta lasaiago bizi nahi ba!» aitortu zigun Jexux Mari Muñoak. Berez Maria Angeles Telleria emaztea da Atibergoa, «aita Pakorekin neska koxkorra zela hasi zen feriara, astoa lagun, orain 53-54 urte. Garai hartan Zumarragara eta Ordiziara, etxean zegoenarekin joaten ziren: gazta gutxi batzuk, lapinak, arrautzak, sagarrak, barazkiak…». Ondoren Segurako Azpaotza Txikiko Jexux Mari senarrarekin segitu zuen mende erdiz, azken urteetan alaba Ixiar ere lagun zutela.
Segidarik ezin izan diote eman postuari. «Aukera asko aztertu ditugu, etxekoen artean eta kanpotik ere proposamenak izan ditugu, baina lanbide lotua da eta bere horretan gelditu da kontua». Izan ere astean 7 azoketan saltzen aritzen ziren eta horietan generoa ziurtatzeko ikusten ez den lan asko da atzean.
Haien ongi izatearen aldeko urratsa izan dadila, eta Ordiziako plazan hutsune nabarmena utzi badute ere, bada bertako ekoizle gaztek beteko dutenaren esperantza bizia.