Onik aurkitu dute Aizkorrin bila zebiltzan gaztea
Atzotik desagertuta zegoen 29 urteko gaztea. Arantzazun aurkitu zuten bere kotxea, eta larrialdi zerbitzuetakoek gaur eguerdian egin dute topo berarekin.
Larrialdi zerbitzuek onik aurkitu dute atzotik bila zebiltzan 29 urteko gazte bizkaitarra. Haren familiak atzo gauean eman zuen abixua, mendira joan eta etxera ez zela bueltatu ikusita. Arantzazun aurkitu zuten haren autoa, eta bertatik hasi dira bilaketa lanak. Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, DYAk eta Babes Zibileko agenteek jardun dute goiz osoan, eta eguerdian bilatu dute. Larrialdi zerbitzuek zabaldutako oharraren arabera, gaztea bere familiarekin da dagoeneko.