Ormaiztegiarren oroitza San Migel jaien inguruan
Ormaiztegiko festa herrikoiari balioa emateko eta herritarren artean jakintza transmititzeko, mahai-ingurua egin dute. Argazki erakusketa ere zabaldu du Angel Elortzak. Larunbatean ospatuko dute San Migel.
Aspaldiko kontu eta pasadizo ugari jorratu zituzten, joan den ostiralean, Ormaiztegiko gizarte-etxean elkartu ziren herritarrek. Sanmigelak Ormaiztegin mahai-ingurua egin zuten, udalak antolatuta eta dinamizatuta. Belaunaldi askotako eta adin oso desberdinetako ormaiztegiarrek kontatu zituzten zertzeladak.
San Migel jaiei balioa ematea, denboraren joanean festa herrikoia nola aldatu den sumatzea, eta, azken batean, herritarren arteko informazio transferentzia bideratzeko gunea sortzea izan du ekimenak helburu. Ondarearen Europako Jardunaldietan txertatu dute, baita ostiralean irekitako erakusketa ere.
Hala, aspaldiko istorio eta bitxikeria ugari atera zituzten mahaiko hizlariek. San Migel jaien hasieran, zahagi-ardoa «ezinbestekoa» zela gogoratu dute zaharrenek. Zahagia ekartzen zuen udalak, urteko esker on emate gisa. 1956ko San Migel festaren egitaraua ere atera zuten.
Elortzaren argazkiak
Europako jardunaldien aurtengo gaia Ondarea: aisia, festak… Plazara! da, eta apirilean ekin zion Ormaiztegiko Udalak egitasmoa taxutzeari. Prozesu parte-hartzailea izan da.
Herritarrekin eta sanmigelen antolatzaileekin osatutako mahai-inguruarekin batera, Angel Elortzaren argazkiekin erakusketa atondu dute. Gizarte-etxeko tabernan dago ikusgai, urriaren 20ra arte. Aldi baterako erakusketen txokoa egonkortu nahi dute, orain, tabernan. Hilean edo bi hilean behin, erakusketa bat jartzeko asmoa du udalak.
Festa, larunbatean
San Migel bezperan ospatuko dute jai herrikoia ormaiztegiarrek, ohitura duten bezala larunbatarekin. Herri afarirako txartelak erosteko (3 euro) azken eguna gaurkoa da, tabernetan.
Egitarauaren tartean, toka, mus, harrikalari eta mendi bizikleta proben artean, 13. Patata Tortilla Lehiaketa egingo dute. Gehienez 10 bikotek har dezakete parte. Izena emateko epea gaur amaituko da (644 429 501). Irabazleentzat hiru sari daude: afaria, mantala eta San Andres festetan odolkien epaile izatea.
ORMAIZTEGI
Larunbata
· 09:00. 25. Mendi Bizikleta Proba. Izen-ematea 08:15ean.
· 11:00. Futbola, Urbeltz zelaian.
· 11:45. 28. San Migel toka txapelketa herrikoia, karpan.
· Ondoren. 24. Harrikalari txapelketa herrikoia, Berjaldegin.
· Egun osoan. Osto eta Ale musikariak.
· 16:00. 29. Mus Txapelketa, gizarte-etxean.
· 17:00. Haur jolasak eta askaria, plazan.
· 17:45. 13. Patata tortilla lehiaketa, arboladian.
· 20:15. Kupela sagardoa irekitzea
· 21:00. Herri afaria.
· Jarraian. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak.