Zaborra, errekatik plazara
Ordiziatik pasatzen diren bi ibaietan garbiketa lanak egin dituzte eta 3 tona hondakin inguru atera dituzte. Iazko kopuruetatik urrun badago ere Udalak balorazio «oso negatiboa» egin du
Oria eta Amundarain ibaietan garbiketa lanak egiten ari dira irailaren 16az geroztik. 3,3 kilometroko zatian ari da lanean Txukun lorezaintza enpresa eta orain arte bildutako hondakin kopurua 2,5 eta 3 tona artean dago. Plastikoa eta papera da gehienbat. Egurra eta txatarra ere atera dute, baina gutxiago. 5.400 eurokoa da aurrekontua.
Duela urte batzuk Goierriko ibaiak modu bateratuan herrien artean garbitzen zituzten, baina iaztik Hondakinen mahaian gaia landu ondoren, Ordizia bere kabuz ari da aurreko sistemak porrot egin zuelako. «Ibaiek ez dituzte gure herrian mugak errespetatzen, uretan behera datozkigu hondakinak eta guretik behera ere badoaz, horregatik modu bateratuan garbitu beharko genituzke ibaiak», adierazi dute Ordiziako Udaletik. Baina, «herri desberdinen arteko ekimen partekatua abiatu bitartean, guk gure kabuz garbituko dugu, gutxienez».
Hondakinak plazan
Jasotako hondakinak Ordiziako Plaza Nagusian jarri dituzte, modu horretan, herritar guztiek ikusi ahalko dute ibaietara zer iristen den. Bestalde, gai horren inguruan udalak egin duen balorazioa «oso negatiboa» izan da nahiz eta iaz baino kopuru txikiagoa jaso den. Iaz, 8 tona zabor jaso zituzten.