Garikoitz Bravo Euskadi Fundazioarekin ariko da
Igandean jokatuko du azken lasterketa Euskadi-Muriasen elastikoarekin. Datorren urtean, Euskadi Fundazioarekin ariko dela iragarri du lazkaotarrak.
Euskadi-Murias taldearen desegiteak ez du ezustean harrapatu lazkaotarra, taldekideei ekainean eman baizieten berria. Hala azaldu du Gari Bravo txirrindulari lazkaotarrak, Gipuzkoako egunkari bati eskainitako elkarrizketan. “Pena handiz” hartu du erabakia, “proiektuaren hasieratik” bertan aritu izan delako, eta Jon Odriozolak egindako lan guztia izan du gogoan. Baita taldekide izan dituenak ere, horietako asko “jarraitzeko aukerarik gabe” geldituko direlako.
Ez da bere kasua, ordea. Izan ere, Euskadi Fundazioarekin hitzartuta du dagoeneko datorren urterako kontratua. Euskaltel-Euskadiren garaian ere izan zen fundazio horretan, eta “berriz ere talde horren aldeko apustua” egin duela dio Bravok. “Orbeak asko lagunduko digu, eta Mikel Landa atzetik egoteak motibazioa eta ilusioa pizten dizkit. Ziur nago afizioak taldea babestuko duela”.
Oraindik beste behin jantziko du Euskadi-Muriasen mailota. Igande honetan izango da, Tour de Vendeé proban. Taldeak egutegian konpromiso gehiago baditu ere, bere azken lasterketa izango delakoan da lazkaotarra.