Iparragirre ahaztezina
Urretxuko udalak eta hainbat eragilek Iparragirre oroitzeko egitarau zabala aurkezteu dute. Haren bizitza filme batean aztertuko du Jon Maiak; antzerkia eta musika ere izango dira.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/10/euskal_gizataldeen_mundu_b-1.jpg)
Urretxuko Udalak eta gizarte eragileek Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte. Antzerki eta musika emanaldi ugari egongo dira, besteak beste.
Joxe Mari Iparragirre 1820ko abuztuan jaio zen eta urteurrena datorren urtean zehar ospatuko da. Helburua bere ekarpena eta Urretxu ezagutzera ematea da. Udalak eta herritarrek urtebete baino gehiago daramate lanean.
Komunikazioari dagokionez, Fitbak enpresak Iparragirreren artxiboa katalogatu du eta urretxu.eus webgunean argitaratu du. Musika arloan, Gorka Hermosak eta Gontzal Mendibilek kontzertu bat egingo dute. Bertan, Hermosak Urretxutik mundura lana estreinatuko du.
XIX. mendera bidaia
Gainera, Euskal Kantuzale Elkartearen eta Euskal Herria Kantuz sarearen eskutik, Urretxuk XIX. mendera bidaiatuko du eta herrian elkartutako guztiek Iparragirreren kantak abestuko dituzte. Antzerkia ere egongo da.
Horretaz gain, 2020an ere Donostiako Musika Hamabostaldiak Urretxu bisitatuko du. Gainzuri ikastetxekoek Iparragirreri buruzko egutegia egingo dute eta haur abesbatzen topaketa antolatuko dute. Donostia, Hendaia eta Donibane Garaziko abesbatzek parte hartuko dute.
Antzerkiari dagokionez, Karabansarai enpresak Angelita, Iparragirreren bertso askea antzezlana prestatuko du. Lan hori Euskal Herri osoan antzeztuko da. Gainera, Bilboko Loraldia kultur elkarteak Iparragirreri buruzko antzerki musikatu bat egingo du. Hau ere Euskal Herri osoan antzeztuko da.
Zineak ere izango du tokia urteurrenean. 200 urte, 100 metro filma egingo dute. Bertan, Jon Maia bertsolari urretxuarrak Joxe Mari Iparragirreren bizitza egungo bertsolari baten begietatik aztertuko du.
Literaturari dagokionez, Koldo Izagirre eskulturak dituzten bertsolariei buruzko liburua idazten ari da. Bertsoaren harria du izenburua. Francisco de Paulak, berriz, Iparragirre en la corte liburua aurkeztuko du Madrilen eta Urretxun. Horretaz gain, Iparragirre literatur sariei bultzadatxoa emango zaie.
Turismo arloan, Urretxuko Udalak, Zumalakarregi museoak eta Igartubeiti baserriak Iparragirreren ibilbidea antolatuko dute. Gainera, orientazio jolas baten bidez Iparragirreren garaiko Urretxu ezagutzeko aukera egongo da. Bestalde, Hezi2de enpresak Urretxu, Angela Kerexetaren begietatik bisita gidatua eskainiko du. Lurra dantza taldeak ere bere ekarpena egingo du. Iparragirre eta Angelaren trajeak egingo ditu eta 2020ko herri arteko folklore jaialdira Uruguaiko eta Argentinako taldeak ekartzen saiatuko da.
Iparragirre bi herrialde horietan bizi izan zen eta bertan ere arrastoa utzi zuen. Atzo bertan Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean parte hartzen ari direnak Urretxun egon ziren. Gontzal Mendibilek Iparragirreren kanta batzuk abestu zizkien eta Urretxuko olerkariaren mausoleoa bisitatu zuten.