Joseba Argiñanoren 'Sukaldaria' gaur Beasainen izango da
Familiaren herria bisitatuko du sukaldari zarauztarrak hainbat gonbidaturen laguntzarekin, telebista saioa 22:00etan emitituko dute, Euskal Telebistaren lehen katean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/10/captura-de-pantalla-2019-10-02-a-las-19-58-04-1200x675.png)
ETB-1eko ‘Sukaldaria’ saioaren gaurko atala Beasainen izango da, Joseba Argiñanok gidatuta. Hainbat gonbidaturen bidez, herriko istorioak eta bere familiaren oroitzapenak eta anekdotak ezagutzera emango ditu Zarauzko sukaldariak telebista saio honetan, Beasain baita aita Karlosen jaioterria. Sukalde kontuak ez dira faltako. Saioa 22:00etan hasiko da, Euskal Telebistaren lehen katean.
Hala, saskigileen ogibideari buruz hitz egingo du Iñaki Agirrezabalarekin, barraskiloak saltsan prestatzen dituzten bitartean. Agustin Linazasoro eta Ainhoa Garmendia, berriz, Pagorriaga baserri inguruan duten orein taldeaz arituko dira Argiñanorekin. Odolkiak ere tartetxoa izango du, eta Olano harategia bisitatuko du telebistako sukaldariak, Jose Manuel Olanok eta Ixabel Imaz amak gonbidatuta. Azken honen laguntzarekin prestatuko du saioko bigarren platera: orein solomoa odolki hostopilarekin. Kirolerako tartea ere hartuko du ‘Sukaldaria’ saioak gaur, eta arku tiroan ibiliko dira Juanito Lizarralderekin. Amaitzeko, Beti-Bizi elkartera joango dira, han prestatuko dizkioten mokotxak muxilekin dastatzera.