Txinako delegazio batek Itsasondora bisita egingo du konpostaguneak ezagutzeko
2.019. urte hasieratik herrian bertan kudeatzen dute hondakin organikoaren frakzio osoa. Txinatar politikari eta ingurumen teknikari talde batek interesa du kudeaketa sistema hori bertatik bertara ezagutzeko.
Hondakinen bilketan aurretik doa Itsasondo. 2.019. urte hasieratik, hondakin organikoaren frakzio osoa Itsasondon bertan kudeatzen dute, konpostaguneen bidez. Zortzi konpostagune daude auzo desberdinetan banatuta, herritarrei erraztasunak jartze aldera. Hondakin organikoa kudeatzeko sistema horri esker, Sasieta Mankomunitateko kamioiak ez du hori jasotzera pasa beharrik eta ondorioz, herritarren poltsikoetan eragina izan du, zabor bilketaren tasetan beherapena aplikatu zaielako.
Zaborren kudeaketarekin kezkatuta, Txinako delegazio bat Itsasondora etorriko da bisitan bihar, urriak 3. Dirudienez, itsasondoarren sistemaren berri izan dute eta bertatik bertara ezagutu nahi dute, haien herritan ezartzeko moduko kudeaketa eredua izan daitekeelakoan. Delegazio hori, hainbat politikarik eta ingurumen teknikarik osatuko dute eta Espainiar estatuko eta Euskal Herriko hainbat herrietako hondakinen kudeaketa ereduak ezagutzeko programatu duten bidaiaren baitan egingo dute Itsasondora bisita.