«Udala osatzen dugun taldeen harremanak ontzea nahiko nuke»
Altzaga Denok Elkarrekin taldearen barruan aurkeztu zen Maite Garmendia (Altzaga, 1970) hateskundeetara. Pasa den ekainaren 15etik Altzagako alkate berria da.
Iragan ekainaren 15ean udalak osatu ondoren, datozen asteetan Goierriko alkateekin elkarrizketak argitaratuko ditu GOIERRIKO HITZA-k. Maite Garmendia (Altzaga, 1970) Altzagako alkatea da. Kargua hartu zuenetik egindako lehenengo pausoe eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatu da luze eta zabal.
Alkate izatera iritsi aurretik politikan aritutakoa al zara?
Behin ere ez, eta gustatu ere ez egia esan, baina erantzukizunagatik sartu naiz politikan. Azken legealdietan Altzagan egin duten kudeaketa ez nuen gustuko, ez nik ezta beste hainbat herritarrek ere. Hortik abiatuta, Altzaga Denok Elkarrekin herritarren taldea osatu genuen hauteskundeetan aurkezteko asmoarekin.
Politika gustuko ez duzula aipatu duzu. Zergatik?
Haserre asko sortzen dituelako. Dena den, batzuetan pauso bat aurrera egiteko beharra ere sortzen da eta hori da nire kasuan gertatu dena.
1.000 biztanletik beherako herrietan hautagaiek jasotzen duzue herritarren bozka zuzenean eta ez zerrendak. Altzagarrek zuri eman zizuten bozka gehien. Nola jaso zenuen hori?
Ez nuen espero. Sorpresa handia izan zen. Zinegotzi bat edo bi lortzea espero genuen. Alkatetza lortuko nuenik ez nuen inondik inora espero.
Ekainaren 15ean hartu zenuen kargua. Hilabete batzuk igaro dira eta zer moduz?
Kokatzeko denbora bat behar izan nuen baina orokorrean lasai, ondo eta gustura.
Udala bost zinegotzik osatzen duzue. Hiru Altzaga Denok Elkarrekin taldekoak zarete. Bi Altzaga Artea taldekoak. Nolakoa da harremana?
Ez izan zitekeen bezain ona. Bileretan giroa lasaia da. Osoko Bilkuretan, berriz, ez hain ona. Tristea da, baina gauzak horrela daude.
Udalean sartu eta posizio berri horretatik, zeintzuk izan dira lehen urratsak?
Egin dugun lehen gauza Altzagaratetik Gaintzara doan pista zabaltzea izan da. Bere garaian, baserritarrek diru bat jarri zuten pista hori berritzeko. Duela urtebete pasatxo, areka egin eta pibote batzuk jarri zituen aurreko udal taldeak eta handik aurrera pasatzeko piboteak kendu ahal izateko giltza behar izan da. Hori horrela, ehiztariek, todoterrenoek eta traktoreek ezin zuten pasa eta pasatzeko baimena zutenentzat, giltza zutenek alegia, eragozpena baino ez zen. Horrek guztiak herritarren arteko giroa dexente aldrebestu zuen.
«Ez naiz sekula politikan aritu,
baina erantzukizunagatik sartu naiz»«Egin dugun lehen gauza Altzagaratetik
Gaintzara doan pista zabaltzea izan da»«Herriak eta herritarren bizi kalitateak
hobera egitea nahi dugu»
Hauteskundeetarako aurkeztu zenuten programan gai horri heldu nahian, herri eta auzoen arteko komunikazioak hobetuko zenituztela esan zenuten. Badirudi ari zaretela.
Bai hala da. Aipatutako pista horri dagokionez, oraindik badago lana aurretik. Altzaga, Gaintza eta Baliarrain komunikatzen dituen pista bat da, baina Altzagaren lurretan dagoen zatia baino ez dago berrituta. Gaintzaren eta Baliarrainen eremuan dauden pista zatiak konpondu gabe daude. Hiru herrien arteko bideak hobetzea beharrezkoa dela uste du gure taldeak eta horretarako hiru herrietako ordezkariek lanketa egin beharko genuke.
Horrez gain, beste herri batzuekin komunikazioak hobetzeko nahia ere agertu zenuten.
Bai, hala da! Aramara eta Ordiziara doan errepidea zabaltzeko beharra dago. Errepide horrek bihurgune asko eta oso itxiak ditu. Herritar askok beldurra ere pasatzen dute. Proiektua aspalditik eginda dago, baina krisiagatik ezin izan da aurrera egin. Hurrengo asteetan, Bide Azpiegitura Departamentuan bilera dugu gai horren inguruan hitz egiteko.
Etxebizitza berriak egiteko asmoa ere agertu zenuten hauteskunde programan.
Herrigunean une honetan ezin dira gehiago egin, baina Altzaragaten eta Abalinen etxebizitza berriak egiteko aukera ematen dute arau subsidiarioek. Non egin daitezkeen erabaki ahal izateko, arkitektoarekin gai horren inguruan lanean ari gara. 2021erako proposamen bat egitea da gure asmoa.
Behar hori dagoela somatu duzue?
Ez litzateke gaizki etorriko.
Baserritarrekin harremanak sendotzea da duzuen beste helburu bat.
Bai, mendi bideeengatik batez ere. Haiek garbi mantentzea behar-beharrezkoa da. Auzolanean garbitzen ziren duela lau urte arte. Baserritar asko adinean gora doaz eta horrek ere eragina izan du azkeneko urteetan bide horien egoerak okerrera egiteko.
Lan hori egiteko diru laguntza eskatzeko asmoa dugu eta gai horren inguruan ematen ditugun pauso guztien berri izango dute herritarrek, etxez etxe informazio guztia ematen joango baikara.
Aipatutakoez gain, bestelako beharrik somatu duzue?
Apaiz etxeari erabilpen bat ematea. Berritzeko diru mordoa gastatu ondoren geldirik dago. Horrekin zer egin erabaki behar dugu udala osatzen dugunok, baina herritarrek ere badute zer esana. Bilerak egiteko asmoa dugu eta iritziak jasoko ditugu.
Inbertsioei dagokienez, zein beste proiektu duzue?
Mendi bide batzuk berritzeko diru laguntza bat dugu batetik, eta bestetik, kirol azpiegiturak berritzeko ere jaso dugu beste bat. Pilotalekua pixka bat isteko bideratuko du-gu. Bestalde, eremu jakin batean uren saneamendurako diru laguntza eskatu dugu, baina erantzunaren zain gaude oraindik.
Hilabete gutxi dira udaletxera iritsi zarela baina hurrengo lau urteetan zer da Altzagarentzat gehien desio duzuna?
Herriak eta herritarren bizi kalitateak hobera egitea da pertsonalki eta talde bezala helburu nagusia. Horrez gain, udala osatzen dugun taldeen artean harremanak ontzea ere nahiko nuke.