Zaldibiarrak uda agurtzera
Santa Fe jai nagusiak ostiraletik astelehenera bitarte, eta urriaren 11n ospatuko dituzte. Iztueta dantza taldeak botako du txupina. 40 bat segalari elkartuko dira larunbatean
Zaldibian uda ez omen da bukatzen Santa Fe jaiak igaro arte. Asteburu honetan ospatuko dituzte, ostiraletik astelehenera. Eta, uda oraindik gehiago luzatzeko, urriaren 11rako utzi dute mozorro festa eta pilota jaialdia.
Ohi dutenez, mondeju zuriaren gorespenean hasiko dira festak, etzi. Osagaiak biltzeko kalejiran batuko dira zaldibiarrak jaira, Olaldetik plazara. Iztueta dantza taldeak alaituko du txupinazo garaia. Hain justu, dantza taldeak izango du aurten txupinazoa botatzeko ohorea. Urte askoko ibilbidea du, dantzarekin gozaraziz. Saio ugari egin ohi ditu. 2020an 30. dantzari txiki antolatuko dute.
Lehen ekinaldirako, Gauerdi herriko txarangak ez du hutsik egingo. Imuntzo eta Belokik, bai. Urtetan lehenengo dantzaldia girotu ondoren, aurten ez dituzte iragarri. McOnak ekarriko dute ordez.
Kuadrillen eguna larunbata izendatu dute. Plazan herri bazkaria egingo dute lagun taldeek. Txartelak erosteko azkeneko eguna gaurkoa da. Santa Fe igandean da, eta umeen eguna astelehenean. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaz ohartarazteko Botilatzarra programa garatuko dute; eta indarkeria sexista desagerrarazteko, informazio-gunea ere jarriko dute.
40 segalari, taldeka
Larunbat eguerdirako, Mugertza baserriko belardian, taldekako sega lehiaketa jokatuko da. Euskal Herri guztiko 40 bat segalari izango dira, lauko taldeetan bilduta. Hasieran gaztetxoentzat zena, helduetara zabaldu dute, gizon eta emakume.
Euskal Herriko txapeldun Iban Pardo etorriko da, baita nazioarteko eran aritzen diren Gabilondo, Mitxelena edo Goenaga ere. Zaldibian bi talde osatu dituzte, Jauregitarrek bat, emakumezkoek bestea. Baliarraingo herrian ere talde bat egin dute. Ordu eta erdi bat iraungo du.
Etxekonekok taldeak elkarbizitza eta aniztasuna gizarteratzeko ekimena burutuko du, igande eguerdian, plazako frontoian. Bertsolarien kalejirarako, Jone Uria eta Aitor Mendiluze gonbidatu dituzte aurten, herriko trikitilariekin batera.
Urriaren 11rako mozorro gaua eta pilota jaialdia utzi dituzte.
EGITARAUA:
Urriak 4, ostirala:
- 18:30: Mondejua prestatzeko osagaien bilketa eginez, kalejira Olaldetik plazaraino, herriko txistulariekin, dantzariekin, erraldoiekin eta Gauerdi txarangarekin.
- 19:00: Iztueta Dantza Taldearen saioa, plazan.
- Ondoren: Jaien hasiera eta aldarrikapena; Iztueta Dantza Taldeko dantzariekin, herriko txistulariekin eta Gauerdi txarangarekin, plazan.
- Ondoren: Kalejira herrian zehar, Gauerdi txarangarekin eta buruhandi eta erraldoiekin.
- 20:00: Plazan, mondejuak dastatzeko aukera izango da.
- Afalondoan: Gauerdi txaranga ibiliko da tabernaz taberna.
- 23:30: McOnak taldearen kontzertua.
- 01:00: Dantzaldia Gabenara musika taldearekin.
Urriak 5, larunbata, Kuadrillen eguna:
- 12:00: Taldekako Sega Ekitaldia, Mugertzako zelaietan.
- 13:00: Kuadrillen kalejira, Jun Da Jo txarangarekin.
- 14:30: Kuadrillen bazkaria herriko plazan. Txartelak herriko tabernetan daude salgai, urriaren 2ra arte.
- Bazkalondoan: Jun Da Jo txarangak girotuta, kuadrillen arteko jokoak eta kalejira.
- 20:30-21:30: Dantzaldia Tximeleta taldearekin.
- 20:30-21:30: Dantzaldia Tximeleta taldearekin.
- 21:00-01:00: Botiltzarra programa. Aisialdian alkohola edatearen arriskuak murrizteko esku hartzea. Kalean alkohola edaten ari den jendearengana hurbilduz.
- 23:30: Dantzaldia Tximeleta taldearekin.
- Egunean zehar: Indarkeria sexistarik gabeko gune informatiboa (Emagin). Zaldibiako herritar guztiak indarkeria sexistari buruz kontzientziatzeko eta iritziak eta bizipenak jasotzeko gunea.
Urriak 6, igandea, Santa Fe eguna:
- 10:00-12:00: II. Goierriko Xake Jaialdiaren amaiera.
- 11:00: Herriko txistularien diana.
- 11:00: Meza.
- 11:45: Jone Uria eta Aitor Mendiluze bertsolarien saioa.
- 12:00: Uria eta Mendiluze bertsolarien eta herriko trikitilarien saioa herrian zehar.
- 12:00-14:00: Aniztasunaren eta elkarbizitzaren topaketak, Etxekonekoak elkartearen eskutik, plazako pilotalekuan.
- 17:30: Mozorro festa eta haurren jaialdia. Haurrek kanturako, musika tresnak jotzeko… duten abilezia erakutsiko dute.
Urriak 7, astelehena:
- 11:00: Zaldibiako Pilota Eskolako pilotarien partidak.
- 11:30: Toka, Beti Gazte elkartearen eskutik.
- 12:00: Zezenak eta pottokak.
- 12:00: Hamaiketako jubilatuentzat.
- 13:30: Haurrentzako bazkaria, plazan. Haur bakoitzak bere ogitartekoa eraman beharko du eta arduradun batekin joan beharko da. Postrea eta edaria Guraso Batzordeak jarriko ditu.
- Ondoren: Haurren jolasak.
- 17:00: Zirika Zirkus taldearen eskutik, Egun on sikiera ikuskizuna.
- 19:00: Herriko trikitilari eta panderojoleen saioa.
Urriak 11, ostirala, Mozorro gaua:
-
19:00: Esku-pilota partidak. Lehen partida: Patri Espinar (Usansolo) – Maddi Mendizabal (Zaldibia) / Miren Larrarte (Bidania) – Maider Mendizabal (Anoeta). Bigarren partida: Beñat Azketa (Beasain) – Aitor Elizegi (Zaldibia) / Titin III.a – Merino II.a.
-
20:00: Ttek elektrotxaranga.
-
23:30: Ziribulio Sound taldearen kontzertua.
-
01:00: Mugi Panderoa taldearekin dantzaldia.