Zineklub ziklo berriak elkarteen lankidetzaren uzta emango du
Legazpiko hainbat elkarterekin foro bat sortu du zineklubak. Etzi, Beti Gaztekoek aukeratutako 'Ya no hay locos' filma emango dute zikloari hasiera emateko
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/10/2019-10-02-p007_f01-1200x714.jpg)
Aurreko denboraldian Legazpiko Zineklub taldean aldaketak egon ziren eta lantalde berria udalerriko elkarteekin lankidetzan hasteko asmoaz mintzatu zen. Udaberri amaieran bilerak deitu zituzten eta sortu dute zinea eta herrigintza uztartu dituen foro bat. Lankidetza horren lehenengo emaitza da denboraldi berriari Beti Gazte elkarteko kideek programatutako Ya no hay locos filmarekin hasiera emango diotela.
Emanaldia etzi izango da, 19:00etan, Latxartegi aretoan eta bertan Lorenzo Morales zuzendaria izango da. Andoni Zabaleta Beti Gazte elkarteko kidea da, «ikus-entzunezko biren emanaldia egiteko asmoa genuenean zineklubekoen deialdia iritsi zitzaigun. Ideia oso ona iruditu zitzaigun eta aurrera egin genuen lankidetzarekin». Ya no hay locos filmaren aukeraketaren zergatia honela arrazoitu du, «Morales musikaria ere bada eta bere ibilbidea jarraitu dugu. Izan ere, orain 17 urte bere taldearekin jo zuen Legazpiko Gaztetxean gu Gazte Asanbladan geundenean. Asko gustatzen zaigu bere pentsatzeko era, baita lan egitekoa ere». Filmaren ekoizpena ez da ohikoa izan, autogestionatutako taldea aritu da lanean eta aurrekontuaren zati bat crowfunding bidez lortu dute. Euskal Herrian egingo duten lehenengo aurkezpena da Legazpikoa eta bertan izango da zuzendaria Mexikon eta Espainiako hegoaldean grabatutako lanaren nondik norakoa azaltzeko. Aurkezpena egingo du eta ondoren solasaldia izango da.
Beste berritasuna
Zineklub taldeak zine komertzialaren emanaldiak ere antolatzen ditu Legazpiko Latxartegin. Asteburuan hasiko den denboraldiaren beste berritasuna da larunbat arratsaldeetan ere egongo dela asteburuko filmaren emanaldia.
Zineklub taldearen helburua zineklubak eta zineak gero eta ikusle gehiago izatea da. Legazpiko elkarteekin lankidetza sustatuz, emanaldietan herritar gehiago inplikatuko direla eta hala ikusle gehiago erakarriko dituztelakoan daude. Halaber, gai eta esparru gehiago jorratzeko aukera ere emango die elkarlanak.