Ataungo Argazki Rallyaren 15. ekitaldia igandean izango da
Hamabosgarren aldiz burutuko da Ataunen argazki rallya. Igandean izango da, argazkizale amateurrentzat. Lanbidez argazkilariak ez direnek soilik parte har dezakete. Izena 09:00etatik 10:00etara eman beharko da, Ataungo udaletxe aurrean (5 euro). Ondoren, 14:30era arteko denbora izango dute lehiaketarako argazkiak aurkezteko.
Argazki rallyaren helburua Ataun iruditan jasotzea da. Antolatzaileek, ordea, urtero lau gai jartzen dizkiete partaideei. Igandean bertan jakinaraziko diete zer islatu behar duten irudietan.
Argazki digitalera aspaldi sartua da rallya. Koloretan nahiz txuri-beltzean atera litezke. Sakelako telefonoekin ateratakorik ez dute onartuko.
Nahi adina argazki atera ahalko dira, baina lehiaketarako 36 irudi aukeratu beharko dituzte, txartel elektronikoa entregatu aurretik. Argazkiak ezin dira manipulatu, eta konprimitu gabeko JPG formatuan eman behar dira.
Epaimahaiak aztertuko ditu, hurrena, aurkeztutako bildumak. Sari banaketa eta argazkien emanaldia azaroaren 16an egingo dute, Herri Antzokian.
Bi sari nagusi izendatuko dituzte: irabazleari 300 euro eta oroigarria, eta bigarrenari 150 euro eta oroigarria. Ataungo lehena (90 euro eta oroigarria) eta bigarrena (txuletak eta ardoa) ere sarituko dituzte.
Mondeju ikastaroa bihar
Jentilbaratza kultur elkarteak, bere aldetik, Ataungo mondeju beltza nola egiten den ikasteko aukera jarriko du. Pili Barandiaran ataundarrak ikastaroa emango du, bihar 10:00etatik 13:00eta, Aizkoate soziedadean (San Martin auzoan dago). San Martin jaietan mondeju lehiaketa herrikoia antolatuko dute.