Bi igerilekuak itxi dituzte errekan hildako amuarrain batzuk agertu direlako
Ez daukate argi amuarrainak igerilekuko isuriagatik hil diren ala ez. Igerilekuetako ura berritzeko baimendutako isuriak egiten dituzte. Igerilekuak ixteko neurria hartu dute hala ere
Legazpiko Bikuña kiroldegiko bi igerilekuetako erabiltzaileek ezin dituzte egunotan igerilekuak erabili. Udalak itxi egin ditu badaezpadako neurri gisa. Izan ere, aurreko ostiralean, arratsaldeko laurak aldera, Bikuña Txiki parean, Urola errekan hildako amuarrainak zeudenaren abisua jaso zuten. Koldobike Olabide alkateak egin du eman zituzten urratsen kontakizuna, «Gipuzkoako Foru Aldundira jo genuen eta haiek, erreka ikustera etorri ondoren, hildako amuarrainak 20 zirela egiaztatu zuten».
Aldundiko ibaizainek ikuskatze lanak egin bitartean bertan zeuden Olabide eta Iñigo Imaz kirol arloko zinegotzia. Han aurkitutako arrastoen arabera, «ibaizainek esan ziguten ez zuela ematen amuarrainak igerilekuko uragatik hil zirenik, baina kezkatuta agertu ziren».
Astero berritzen dute ura
Legazpiko igerileku publikoetako ura astero berritzen da eta berritzen den uraren isurketa Urola errekara egiten da. Olabidek ur isurketa Uraren Euskal Agentziaren baimenarekin egiten dela nabarmendu du, «astero igerilekuko uraren % 5 berritu behar da eta ura garbitzen denean arazketa-iragazkiak ere garbitzen dira. Igerilekuko ura errekara isuri aurretik ur horri kloroa kentzeko tratamendua aplikatzen zaio eta ur hori da Urolara isurtzen dena».
2016an igerilekuko ur irteerak itxi behar izan zituzten urte hartako abuztuan igerilekuko ura isuri, eta ondorioz 24 amuarrain hilda agertu zirelako. Udalak isuna jaso zuen eta arau-haustea oso larritzat jo zen. Gertakari hargatik konpondu zituzten ur irteerak.
Olabideren esanetan, «ez dakigu zehazki aurreko ostiralean hilda agertu ziren amuarrainak zergatik hil ziren, baina Legazpiko Udalak Urola ibaia babesteko obligazioa du eta igerilekuak ixteko agindua eman dugu». Igerilekuak ez dituzte irekiko Urola ibaira zuzenean egindako isurketak bukatzen ez diren arte eta ur hori Gipuzkoako Urak agentziako ur-biltzailera zuzenean bideratzen ez duten arte.
Olabide alkateak igerilekuetako erabiltzaileei «barkamena» eskatu die neurriak sor ditzakeen trabengatik, baina erantsi du «gure Urola erreka babesteko hartu beharreko neurria izan dela uler dezatela nahi dugu».