El Salvadorren aurka neurtuko ditu indarrak Ampo Ordiziak igandean
Sailkapen nagusian bigarren postuan puntuetan berdinduta daude Ampo eta El Salvador.
Valladolideko Pepe Rojo Rugby zelaian Silverstorm El Salvadorrek eta Ampo Ordiziak indarrak neurtuko dituzte, igandean 12:30ean. Bi taldeak sailkapen nagusian parekatuta daude 11 punturekin, bigarren postuan. Liderra berriz U.E. Santboiana da eta puntu bakarraren aldea du. Ohorezko Mailako lehen postuetan beraz, borroka izaten ari da nagusi beste urtetan ez bezala.
Denboraldian jokoan dauden titulu guztiak lortzeko moduko taldea du El Salvadorrek. Nazioarteko hainbat jokalari garrantzitsu ditu; Leandro Wozniak, Nicolas Jurado, Victor Sánchez edo Ampo-Ordizian jokatu zuen eta ligako jokalaririk arriskutsuenetakoa den Christian Rust.
Aurtengo txapelketako bi defentsarik onenak, (55 puntu baino ez dizkiete sartu orain arte), aurrez aurre egongo dira igandean. Gainera, Ordiziarrek sailkapeneko taldeen artean aldeko puntu gehien duen taldea da, 138. Zalantzarik gabe, partida borrokatua izango da eta benetko errugbia ikusteko aukera izango dute zaletuek.
Iragan asteburuan Hernaniarren aurka etxean irabazi eta gero, Marotias eta Garmendiaren mutilek Gaztelerako bidea hartuko dute, hori bai sailkapeneko goiko postuetan mantentzea izango dute helburu. Anthony Matotok, Hernaniren aurkakoan atsedena egin ondoren, asteburuan jokatzeko moduan izango dela uste du klubak.
Atarian, El Salvador eta Ordiziarren U-23 taldeek larunbatean arratsaldeko 16:30ean jokatuko dute.