Obren Gaineko Zerga kendu eta Ondasun Higiezinena igoko dute Legazpin
Udalbatzak 2020ko ordenantza fiskalak onartu ditu EAJ eta EH Bilduren botoekin. Etxebizitza, baserri eta dendetan egindako obren gaineko zergarik ez da ordainduko
Legazpiko EAJko udal gobernuak osoko bilkurara 2020ko ordenantza fiskalen proiektua eraman zuen aurreko ostegun arratsaldean. Beste alderdiek egin- dako hainbat proposamen jasota, jeltzaleen eta EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin proiektuak aurrera egin zuen; PSE-EEko eta Legazpiko Berdeak taldeetako zinegotzi banak kontra bozkatu zuten. Ordenantza berriek jasotakoen artean, aldaketa nabarmenenak Eraikin Instalazio eta Obren Gaineko zergari eragingo dio. Hain zuzen, etxebizitza, baserri zein lokal komertzialetan egiten diren lanen gaineko zergarik ez dute ordainduko legazpiarrek datorren urtean; industria eraikinetan eta hirigintza promozio berrietan, aldiz, lanen gaineko %5eko zerga ordainduko dute. Koldobike Olabide alkatearen hitzetan, zerga kentzeak eragingo duen diru sarrera «konpentsatzeko» Ondasun Higiezinen Zerga %3,5 igoko dute; %3 igoera berari dagokiona eta %0,5 KPIari dagokiona.
Olabidek erantsi zuenez, «iaz obren gaineko zergan %30eko hobariak ezarri ziren. Irisgarritasunari lotutako lanak bultzatzeko, auzoetako zaharberritze lanak sustatzeko eta abar hobariak ezarri izan dizkiogu zergari. Halaber, ikusita alderdi guztiek hobariak proposatu zituztela , zerga kentzeko aukera dakargu eta lehenengo herria izango gara ziurrenik».
Besteetan %0,5eko igoera
Beste zerga nahiz tasa gehienetan KPIari dagokion %0,5eko igoera ezarriko dute. Salbuespena dira euskaltegiko tasa, Meazti Etxekoa eta etxez etxeko laguntzarena, horiei ez baitiete igoerarik ezarriko. Zirkulazio tasan 25 urtetik gorako ibilgailuek, kutsakorragoak direla iritzita, %0,5eko tasa ordaindu beharko dute orain arte ez bezala.
Hondakinen gaineko tasari dagokionez, Koldobike Olabidek Sasieta Mankomunitateko bilkuran osoko bilkuraren bezperan izan zen hartutako erabakien berri eman zuen eta, bide batez, haiek tasari nola eragingo dieten azaldu zuen. «Aurten zerbitzuaren kostua aurrekontuan sartutakoa baino 28.000 euro handiagoa izan da. %5eko igoera proposatu dugu tasan, legazpiarrek %3 eta udalak %2 hartuko du bere gain». Zerbitzuaren igoeraren zergatiak honakoak direla esan zuen alkateak: pertsonala handitzea %3,7ko igoera, Gipuzkoako Hondakinen Par- tzuergoak hondakinen tratamenduagatik gehiago kobratuko du paperaren eta kartoiaren bitartez lortzen zuen diru sarrera asko jaitsi baita 85 euro tonako zirenak orain 10 euro dira merkatua gainezka dagoelako. Horrez gain, ontzi gero eta gutxiago jasotzen dute eta joera hori onuragarria den arren, diru sarrera horiek ere murriztu dira.
Edukiontziak, txartelaz
«Legazpiarrontzat igo egingo da, beraz, hondakin bilketaren gaineko tasa eta gure helburua da gero eta hobeto bereiztea edukiontzi grisera doana», esan zuen alkateak. Iragarri zuen, bidenabar, aurki edukiontzi griserako erabiltzen den txartel bera erabili beharko dela marroirako eta giltza alboratuko dutela, izan ere, giltza sistemak ez du nahi bezain ongi funtzionatu eta eman diren giltza kopuruari kasu eginda, Legazpiko familia bakoitzak bost lituzke. Txartel bidez, kontrola hobea izango dela esan zuen Olabidek. Sentsibilizazio bideo bat kaleratuko dute, baita ere, edukiontzi grisera bota beharreko hondakinak zeintzuk diren zehazteko eta zabaltzeko.