Artelan handi bat doan, etxeko ate aurrean
Maite Francesek etxe aurreko zuhaitzarekin arazo bat zuen eta Antxon Reyes lorezain legazpiarrari deitu zion. Artelan bat egin du hark zuhaitzarekin. Bertatik pasatzen diren guztien arreta pizten du.
Lorategi askotan alabastrozko ipotxak izaten dituzte apaingarri gisa. Zumarragako Hiri Lorategiko txaletetako batean bizi den Maite Francesek, ordea, eskultura handi bat du etxe aurrean. Bilboko Guggenheim museoak bezala, baina doan.
Hiri Lorategiko txaletek 62 urte dituzte. Francesen lorategiko zuhaitza asko hazi zen eta etxean sartzeko zorian zen. Gainera, gaixo zegoen. Lorezain bati deitu zion zuhaitza kimatu zezan. Lorazainak zuhaitzarekin eskultura bat egiteko baimena eskatu zion eta Francesek baiezkoa eman zion.
Antxon Reyesen lanak bertatik pasatzen diren guztien arreta pizten du. Ume bat egin du, globo pila batekin. Haurra, globoek tiratuta, hegan ageri da. Up marrazki bizidunetako pelikulan oinarritu da lan hori egiteko. Umearen elastikoan Live your dreams (bizi zure ametsak) jartzen du.
Reyes legazpiarra da eta 20 urte inguru daramatza lorezaintzan. Zenbait enpresatan lan egin zuen eta duela urte batzuk bere kontura jarri zen. Lorearteko kooperatibako bazkidea da. Mantentze lanak, kimaketak, sormen lanak… egiten dituzte.
Norbanakoekin lan egiten dute batez ere, baina Osakidetzarentzat ere lan egiten dute eta bere garaian Legazpiko lorategi puklikoez arduratu ziren.
Duela lauzpabost urtetik hona Reyesek eskulturak ere egiten ditu. Eskulturak Luciato izenarekin sinatzen ditu. «Hasi berria naiz eta ikasten ari naiz oraindik. Lagun batek bideo bat pasa zidan. Bertan gizon bat zuhaitz batekin eskultura bat egiten ageri zen. Saiatzea erabaki nuen», aipatu du. Oraingoz egurrarekin bakarrik lan egiten du, baina beste material batzuk ere erabili nahi ditu.
Azken eskultura egiteko Francesen lorategiko zuhaitza aukeratu zuen. «Oso gaixo zegoen eta botatzea erabaki genuen, baina sustraiak eta enborraren azpialdea hor geldituko ziren. Hori dela eta, enborrarekin eskultura bat egiteko eskatu nion».
Hiri Lorategia auzoko artelana egiteko motozerra, rotaflexa eta gubia erabili ditu. Margotu ondoren, eskulturari berniz berezi bat eman dio ahalik eta gehien iraun dezan.
Frances oso gustura dago Reyesek egindako lanarekin. «Or-du asko eman ditu gure lorategian. Garabi bat ere ekarri du, zuhaitzaren goialdera iritsi ahal izateko. Oso eskultura polita egin du. Mundu guztia gure lorategiaren aurrean gelditzen da».
Hiri Lorategia Zumarragako auzo ederrenetako bat da eta eskultura horrekin are ederrago ageri da. Auzo hori duela 62 urte eraiki zen eta bi etxebizitzatako 19 txaletek osatzen dute.