Atzegik irisgarritasun kognitiboari azpimarra egin dio kanpaina berrian
Beasainen eta Legazpin aurkeztu du Atzegik sentsibilizazio kanpaina berria. Leloa 'Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi' da. Etzi amaituko dute kanpaina
Atzegi desgaitasun intelektuala dutenen Gipuzkoako elkartea da. Urtero-urtero gai zehatz bat aukeratzen dute sentsibilizazio kanpaina egiteko. Oraingoan irisgarritasun kognitiboa aukeratu dute eta Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi leloa hautatu dute kanpaina zabaltzeko. Buru-belarri ari dira zabaltze lanean. Aurreko ostegunean Legazpin egin zuten aurkezpena eta larunbatean Beasainen, egunero ari dira Gipuzkoan barrena irisgarritasunaren beste esanahia zabaltzen.
Izan ere, irisgarritasunaren esanahi ohikoenak traba fisikoekin lotura dauka. Ez da horrenbeste lotzen traba kognitiboekin eta Atzegiko kideak traba horiei arreta jartzeko gonbidapena egiten ari dira urriaren 11ra arte iraungo duen kanpaina betean.
Betaurrekoak jarri
Hain zuzen, kanpainaren bitartez desgaitasun intelektualaren «betaurrekoak» janztera gonbidatu nahi dute gizartea. Jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoetako ordutegiak, irudiak, esku orriak, hauteskunde programak eta abar betaurreko horiekin irakurriz gero, dauden trabak agerian jarri nahi dituzte eta mezu errazen alde egitearen garrantzia nabarmendu nahi dute, «pixkanaka denontzat ulerterreza den ingurunea eraikitzeko». Hori da irisgarritasun kognitiboa.
Gizarteak gaiaren inguruko hausnarketa egitea nahi dute, «nork bere ingurunean aldaketak eginda, mundu irisgarriagoa eraikiko baitugu».
Liburuxka kaleratu dute, non irisgarritasun kognitiboa ulertzeko eredu desberdinak eta mundua denontzat ulergarriagoa izateko aldaketa txikiak egiteko modu desberdinak jaso dituzten. Webgunean atzegi.eus argazkiak argitaratu eta egiten diren urratsak biltzen joango dira. Kanpainaren bideoa ere bertan dago ikusgai, eguneroko traben isla.