Atzera begirako altxorrak
Goierriko Hitza egunkariak duela 15 urte ikusi zuen aurrenekoz argia, eta lehen egunkari haietan jasotako albisteen errepasoa egingo du datozen hilabeteetan, webgunean nahiz paperean.
Zaldibiako Santa Fe jaiekin batera ekin zion GOIERRIKO HITZAk bere ibilbideari, duela 15 urte. Hemerotekari begira, ordea, festaz gain bestelako albisteak ere izan bazirela ikus daiteke egunkariaren aurreneko ale haietan.
Azpiegitura lanekin hasita, Eitzagako biribilgunea egiteko lanen berri eman zuen HITZAk gaur hamabost urte. Zumarraga eta Azkoitia lotuko zituen errepidea ez ezik, etorkizuneko autobidearen lotunea ere izateko pentsatu zuten. Errotondaren lanak bost hilabeteren buruan bukatu zituzten, eta 2015eko martxoan zabaldu zuten bi norabidetako trafikoarentzat.
Idiazabalen, etxebizitza kontuak. Pilar Enearen ondoko lur sailean bederatzi etxebizitza berri egiteko proiektua onartu zuen udalak, aurretik egindakoen jarraipen moduan.
Ordizian Euskal Letren Eguna egin zuten urriaren 10ean, eta Goierriko idazleen harrobia bizirik dagoela erakutsi zuten, eskualdeko hamalau idazlek parte hartu baitzuten ekitaldian.
Letren festa ez ezik, artisauena ere egin zuten Ordizian; Artisaualdiak bost mila lagunetik gora bildu zituela jasotzen du garaiko kronikak. Urte batzutan harrera ona izan bazuen ere, 2011n egin zuten azkenekoz.
Kultur arloko albisteekin jarraituz, Antonio Oteiza artista Zumarragako trikitixaren omenez egiten ari zen eskulturaren berri ere eman zuen HITZAk.
Goierri Telebistak urtea
GOIERRIKO HITZAK baino hilabete batzuk lehenago hasi zuen ibilbidea Goierri Telebista-k, eta aurreneko ale haietan, lehen urtemugaren berri eman zen. Jon Aldanondo zuzendariak, etorki- zuneko telebista izango zenaren oinarria jarri zutela azaldu zuen, eta «oso gustura» zeudela herritarrek egindako harrerarekin.