Lehen sektorea «balioan jartzeko» egingo dute Baserritarren Eguna
Baserriko lana eta bizimodua gizarteratzeko helburuz, igandean festa egingo dute Idiazabalen. Euskal Herriko 36. Gazta Txapelketa ere jokatuko da egun horretan
Idiazabalgo VIII. Baserritarren Eguna datorren igandean, hilak 13, ospatuko dute. Aurtengoan, bigarren aldiz, urrian egin ohi zuten Euskal Herriko Gazta Txapelketa ere egun berean egingo dute. Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteak, Artzain Gaztak eta Udalak antolatu dute elkarlanean.
Ganaduzale Elkartearen pabilioian eman zituzten atzo, igandeko egitarauaren inguruko xehetasun guztiak. Bertan izan ziren Jabier Jauregi Udaleko le- hen sektoreko dinamizatzailea, Haritz Katarain herriko abeltzainen ordezkari gisa, eta Aitor Campion Artzai Gaztako lehendakaria.
Idiazabalgo Baserritarren Egunaren helburua, baserritarren lana eta haien bizimodua gizarteratzea da. Hala, Idiazabalgo nekazariek eta abeltzainek beste behin ere, urte osoko jarduna eta produktuak kalera aterako dituzte, herritarrek eta bisitariek ezagutu ditzaten. Prentsaurrean nabarmendu zutenez, «horrelako inguruak eta larreak baditugu, ganaduari esker» da. Horregatik, lehen sektorean lan egiten duten haiek «errekonozimendua» merezi dutela adierazi zuten.
Egitarau betea
Igandeko egitarauari dagokionez, ekitaldiz bete-betea izango da eta Idiazabalgo gune desberdinetan zabalduko da. Pilotaleku zaharrean, herriko baserritarrek ganadu erakusketa egingo dute. Ardiak, behiak, behorrak eta ahuntzak jarriko dituzte ikusgai.
Herriko plazan, ekoizleek izango dute tartea. Herrikoak eta Artzai Gaztakoak egongo dira eta produktuen erakusketa eta salmenta egingo dute.Herriko plazan baita ere, Euskal Herriko Gazta Txapelketa jokatuko da. Haurrentzako gazta dastaketa herrikoia eta gazta egite erakustaldiak ere egingo dituzte.
Kirolari ere eskainiko diote tokia. Txomenamen, herri kirol erakustaldia egingo dute. Azkenik, futbitoko kantxan, lehengo eta oraingo baserriko lan tresnen erakusketa jarriko dute.
Eguna borobiltzeko, herri bazkaria egingo dute. Idiazabalen bertan jaio eta hazitako txahal haragia jando dute.
Gazta txapelketa
Baserritarren egunarekin batera gazta txapelketa ere egingo dute igandean. Bi ekintzak bateratuta egiten duten bigarren urtea da aurtengoa, baina gazta txapelketaren 36. edizioa izango da berez. Euskal Herriko Gazta Txapelketan 40 gaztagile ariko dira le- hian. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako lehiaketetan lehen hamar postuak lortutako gaztagileak sailkatzen dira, igandean Idiazabalen jokatuko den finalerako.
Interpretazio zentroa
Baserritarren Egunean, Gaztaren Interpretazio Zentroak bisitarientzat ateak zabalik izango ditu. Gogoratu bertan Luis Katarain artzainaren artelanak ere ikusgai daudela.