«Pertsonengan eta mamian zentratu nahi dugu, sarea osatuta»
Aurreko udal agintaldian alkatearen bigarren jardun ondoren, Eztitxu Mujikak (Zaldibia, 1990) heldu dio orain makilari. Behin azpiegiturak osatutakoan, edukiz hornitzea hartu du erronkatzat.
Lau urte zinegotzi igaro ondoren, zergatik erabaki zenuen alkate izateko pausoa ematea?
Erabaki erraza ez zen izan. Bizitza pertsonala ere antolatu behar da, dena hankaz gora jartzen duelako. Taldean, segiko ez zutenak gehiago ziren, eta bik eman genuen jarraitzeko pausoa, lehengoa ez puskatzeko eta segida bat egoteko. Bestetik, lau urtek luzea dela ematen du, baina ematen duena ematen du. Egiteko gauzak utzi genituenez, horrek ere bultzatu gintuen.
Arduran zama gehitu zaizunik nabaritu al duzu?
Bai. Zeuk ere estuago hartzen duzu. Herritarrek gehiago jotzen dute alkatearengana. Lehen ere ikusi nuen, eta orain baiezta dezaket baietz, hala dela.
Lehenengo emakumea zara Zaldibiako alkatetzan. Garrantzia ematen diozu horri?
Ingurura begiratuta, normalitatean sartzen ari den zerbait da. Baina zenbaitek oraindik distantzia bat badu. Beste asko poztu dira, eta animatu naute.
Udalean, lehen hilabeteok espero baino korapilatsuagoak izan dira? Ika-mikak izan dira udal gobernuko taldearen eta oposiziokoaren artean.
Gai batekin izan da. Ekainean ohiko pleno bat egitea tokatu zen, gero oporrak… Dena arrapaladan etorri da; lehendik zintzilik zeuden lanekin eta festen antolakuntza, batzordeak sortu… Badugu gogoa festak bukatu eta dena lasaiago hartzeko. Intentsoak izan dira lehen hilabeteok. Oposizioarekiko, lehendik datorren gaia izan da eztabaidakoa. Bakoitzak bere posizioak hartu ditu, baina ez dut uste hori izango denik dinamika lau urteotan.
Bidegorriaren ez-eraikuntza ere azaldu da polemika horretan; hori ere aspaldiko kontua.
Bai. Zaldibiarentzat proiektu oso inportantea da. Gipuzkoan lan handia egin da bidegorri sarea egiten; ez aisialdirako bakarrik, jende askok lan eremuetara joateko edo gaztetxoek ere asko erabiltzen dute. Bultzatu beharrekoa da. Batzar Nagusietan, zortzi urteko plangintzan sareko zenbait proiektu gauzatzeko konpromisoa alderdi guztiek babestu zuten. Azken lau urteetan asko murriztu dute horko aurrekontua, eta Zaldibiakoa, beste askoren artean, egin gabe dago. Gure konpromisoa bada, aldundia ere asentatzen denean, hara joatea eta ea gai hau aktibatzen duten. Oposizioari eskaini genion, legealdi hasierako alde biko bileran, elkarlanean egin ditzakegun puntuak identifikatzeko saioan. Ez genuen erantzun oso egokia jaso.
Zaldibia, udal bezala, baztertuta sentitzen da aldunditik jaso ditzakeen inbertsioen arloan?
Ez luke behar. Zer alderdi dagoen ez du axola behar, aldundia azkenean gipuzkoar guztien eskubideak eta interesak defendatzeko dagoelako. Udala herritar guztientzako dagoen bezalaxe.
Oposizioak ordezkaritza handitu zuen azken hauteskundeetan. Hala ere, alde handia du zure talde politikoak: 6/3.
EH Bildu bezala, hamabigarren urtera goaz. Horrek beti desgastea eragiten du, eta baliteke zenbait gairen kudeaketagatik-edo galera bat egotea. Lehen Zaldibia Herrigintzan zena lehen aldiz EAJ-PNV bezala aurkeztu izanak, eta zenbait sektoretan egin duten kanpainak pentsatzen dut asko foru aldundian egin duten lanagatik ere bai igoera izan dute. Baina gure proiektua indartsu ikusten dut. EH Bilduren helburua ez da instituzioak kudeatzea. Instituzioez gain, herri mailan antolatzeko eta garatzeko bide bat daukagu egiteko. Jendeak gauzak egiteko eta eramateko moduarekin gertutasuna sentitzen du.
2019-2023ko lan izarra udaletxe berria eraikitzea izango da. Baina, esan duzunagatik, aurreko erabakitze fasea garrantzitsuagoa ikusten duzu, agian?
2014an hasi zen Nolako Zaldibia nahi duzu? prozesua, herritarrek ikusten zituzten puntu beharrezkoenak identifikatuta. Lanketa handia egin zen hor, lehentasunak jartzen eta erabakiak hartzen. Lehengo agintaldiko gure erronka horri bidea eta forma ematea izan zen. Artxanberriko lokaletan kulturgunea egiteak ireki zuen aukera gaur egungo udaletxea gelditu gabe edo lekuz aldatu beharrik gabe, kultur etxe zaharra bota eta hor berria egitekoa. Hori jada egintzat bezala ematen dugu guk.
Eraikitzea falta da. Duela gutxi hasi ziren obrak. Noizko?
Ezin da gelditu. Datorren urtearen bukaerarako eraikina eginda dagoenerako, leku aldaketa eta altzari hornitzea prestatzeari begira gaude. Eta barruko guneetan, batez ere beheko solairuan eta Beti-Gazte ostatuan, lortu dugu diru laguntza aspalditik detektatzen ari garen 65 urtetik gorakoen adinekoen mendekotasun zerbitzua jartzeko.
Zer zerbitzu-mota izango da?
Eguneko zentrora edo egoitzara joateko lain ez, eta etxean geratu bai baina nolabaiteko arreta behar dutenentzat zerbitzua jarri nahi dugu, denbora pasatzeko toki bat. Horren antolakuntzan hasi gara, esperientzia desberdinak ikusiz.
Plaza eta ingurua berrantolatzeko, beste parte-hartze prozesu bat iragarri duzue.
Prozesuaren finantzazioa diru laguntzekin ziurtatu dugu. Azaroan hasiko da, martxora arte. Plazan zer eremu jarri nahi den lehendik jasota dago, eta hori konfirmatuko da: kokalekuak erabaki, eta parkea edo estalpea baldin badoaz, zer ezaugarritakoak beharko luketen zehaztuko da, ondoren diseinua garatzeko.
Biloreren korapiloa aurreko agintaldian askatuta, udaletxearen eraikuntza bideratuta, eta plaza eremua ere abiatuta, Zaldibia beste erronka handi batzuetan sartzeko aukeran da? Baduzue asmorik?
Azpiegitura aldetik, beste gabezia bat Herri Antzokiak du. Egoera justukoan dago, eta buelta batzuk eman nahi dizkiogu. Ea zer aukera ateratzen den. Baina, dena azpiegitura ez delako, gure apustu bat, hasieran, udal batzorde izan direnetan bereizketa egitea izan da, herritarrak gehiago hurbiltzea nahi dugulako.
Kudeaketa eredua eta lan egiteko modua aldatu nahi duzue?
Bai, eta herritarrak inplikatu herriko gaietan. Auzolanaren espirituari segi, baita mahai bueltan erabakiak hartzeko ere. Batzorde bezala mantendu ditugu Hirigintza, eta Kultura, Euskara eta Kirola. Izena ematen duenak maiztasun batekin etortzeko konpromisoa hartuko du horietan. Baina beste gaietan, arlo edo lantalde deitu ditugu. Haiek erabakiko dute nola antolatu, baina ez da hain jarraia izango; askotan, bilerak gai edo hausnarketa zehatz bat egiteko deituko dira. Ea sarea sendotzen dugun.
Zer erronka edo egiteko ikusten duzue datozen lau urteetarako? Zaldibiak nondik jo beharko luke?
Plan orokorrak zehazten ditu. Etxebizitza berri gutxi batzuk planteatzen dira, eta erronka zaharrak berritzearekin dago. Badaukagu lana, plaza ingurutik hasita. Baserri edo landa eremua da beste bat. Berdintasunari lotuta, teknikari bat kontratuko da, heren batean. Plangintza bat zehaztuko da, egun jakinetako mobilizazioetatik at, beste ikuspegi batekin aritzeko baliabidea emango diguna. Aniztasunean, gazteriarekin eta hezkuntza aldetik ere erronka politak dauzkagu, elkarlanean egin beharko ditugunak. Mila gai daude, baina azpiegiturak behin badaudela, pertsonengan eta mamian sartu nahi dugu: sarea egin eta elkarlana bultzatu. Horretan zentratuta gaude orain.