Arteria fabrika, sormena saretzen
Arteria Fabrikak gizarte berrikuntza eta eraldaketa bermatu nahi ditu, Goierriko sortzaileak, eragileak, erakundeak eta herritarrak giza eskubideen eta artearen inguruan elkartuta
Gizarte berrikuntza eta eraldaketa bermatzeko asmoarekin sortu dute Arteria Fabrika proiektua, eta aste honetan horren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte ekimen hori garatzeko bidea hartu duten Iker eta Asier Zinkunegi legorretarrek. Astelehenean, Legorretako Herri Antzokian egin zuten aurkezpena eta Goierriko beste herri batzuetan ere egingo dituzte.
Goierriko sortzaileak, gizarte eta kultur eragileak, erakundeak eta herritarrak giza eskubideen eta artearen inguruan bildu nahi ditu Arteriak: «Guztiak bildu eta balorean jartzeko espazio bat sortzea da asmoa. Sortzaileak, ingurune propioa izan eta harremanak eta loturak saretzea bilatzen du». Arteria «lokailu izango da sortzaileentzat, elkar ezagutzeko balioko du, elkarrekin gogoeta egiteko elkargunea izango da, eta bakoitzaren lanaren eta sormen prozesuen inguruko ezagutzak partekatzeko ere balioko du», besteak beste.
Giza eskubideak
Giza eskubideak eta artea izango dira proiektuaren ardatz. «Sortzaileen eta herritarren artean giza eskubideen eta haien urraketen inguruan banakako eta taldeko analisia sustatuko du. Hausnarketa hori sormen prozesuen abiapuntua izango da».
Gainera, «herritarraren eta sortzailearen arteko konpromisoa bultzatuko du», eta beraien inguruneko gizarte eta kultur beharrekin, jarrera aktiboa eta sortzailea izatera eramango ditu.
Edukiak «modu parte-hartzailean sortu eta kudeatuko» dituzte. Horrek «gizataldearen ahalduntzea eragingo du, eta esparru publikoarekiko herritarraren konpromisoa garatuko du; gainera, inteligentzia kolektiboaren garapena bilatuz, errealitatearekiko gizataldearen erantzuna hobetzea ekarriko du».