Musika jaialdiak puri-purian
Goierri musika jaialdi ugariren eskenetaki izan da azken hamabost urteortan. Gaurko egunez aurkeztu duten Ordiziarrock jaialdiaren aurreneko edizioa; Sustraiez Blaik berriz, bosgarrena zuen.
Hamabost urteko ibilbidean, Goierrin sortu eta desagertu diren hainbat musika jaialdiren lekuko izan da Goierriko Hitza. Gaurko egunez, duela hamabost urte, aurkeztu zuten Ordiziarrock jaialdiaren aurreneko edizioa. Herriko zazpi musika talde bildu zituzten lehen ahalegin hartan, eta Julen Ormaetxea eta Iñaki Rodriguez Vierbu musikari eta antolakuntza taldeko kideek eman zituzten jaialdiaren inguruko xehetasunak. “Ordizian musika talde ugari dago, eta denok ere arazo berdintsuak” dituztela zioten. “Orain arte ez gara gai izan elkarrekin bildu eta denok batera ezer egiteko”. Harrezkero, ibilbide luzea egin du Ordiziarrock-ek, eta bizirik dirau oraindik.
Bezperan berriz, Sustraiez Blai kultura arteko jaialdiaren berri eman zuen Hitzak, Josetxo Sastre eta Javier Masid Txisku-ren bidez. Aurreneko urteak Itsasondon egin zituzten, baina urte hartatik aurrera, jaialdi ibiltari bihurtu zen. Aurrenekoz gainera, bi eguneko egitaraua antolatu zuten Zaldibian, eta Fun´Da Mental eta Sargento Garcia bezalako talde entzutetsuak ekarri zituzten. “Beste kulturak ezagutu eta elkarrekin nahasteko aukera ona” dela zioten jaialdiaren antolatzaileek. Urte batzuk gehiago egin zituen Sustraiez Blaik, baina 2013an egin zuten azkenekoa, Ordizian.