Bolalumak birziklatzen hasi dira udaletxean Ecoskan auditoretzaren harira
Neguan udal-brigadak Ecoskan auditoretza pasa zuen eta orain udal eraikinak pasa berri du. 2004tik ari dira urtero ingurumen kudeaketa hobetzen. «Oso lagungarri» dela dio teknikariak
Ingurumen gaien lanketari dagokienez Legazpik badu aitzindaritik eta horren isla, Agenda 21eko Foroaz gain, udalerrian egiten diren beste zenbait ekintza dira, esaterako, udal brigadaren zein udal eraikinaren jardueren gain 2004tik egiten duten Ecoskan ingurumen auditoretza. Neguan pasa zuen brigadak eta oraintsu Euskal Herria plazako udal eraikin nagusiak pasa du. Auditoretzat urtean zehar hartutako neurriak eta ezarritako erronken emaitzak aztertzen ditu. Oraingoan, besteak beste, erabilitako bolalumak gordetzen hasi dira gero beste enpresa batek birzikla ditzan. Horrenbestez, bolalumak gaika biltzeko sistema berria ezarri dute.
Hamabost urte dira Ecoskan auditoretza egiten dutela. «Arrasaterekin batera Ihobe erakundeak bultzatutako auditoretza egin genuen eta guk jarraitu genuen egiten», dio Inma Hernandez udal ingurumen teknikariak. Jarraitu dute hutsik egin gabe,eta urte hauetan guztietan egindako ekintza nabarmenenak zeintzuk izan diren gogoratzeko eskatuta, hala erantzun du: «Niretzat mugarria izan zen paper birziklatua erabiltzen hasi ginenekoa. Hasieran izan zen eta orduan prentsa txarra zuen, fotokopiagailuak trabatzen zituela, ez zela zuri-zuria… Aldaketa izan zen udal langileentzat eta legazpiarrentzat ere bai». Beste bi mugarriak Hernandezen hitzetan, «elektrizitate kontsumoa jaisteko egiten ditugun ekintza guztiak eta jaietarako baxera berrerabilgarriaren erabileraren hasiera».
Aurtengo neurriak
Bolalumak birziklatzeko sistemaz gain, led bonbillak jarri ondoren udaletxeko hainbat bulegotan, kontsumoan %34 aurreztu dutela egiaztatu dute. Auditoretzak aintzat hartu du, baita ere, iazko Olentzero Azokan ingurumen irizpideak erabili izana: berrerabilitako paletak postuetan, kartelak paper birziklatuarekin eta energiaren kontsumoa minimizatu izana, besteak beste.
Legazpira iristen diren bizilagun berriei hondakinak bereizteko gida, sei hizkuntzatan dagoena, baloratu dute. Udal kontratazio agirietan ingurumen irizpideen ezarpena eta jaietan erabiltzen den baxera berrerabilgarriaren mantenua eta hobetzea kontuan hartu dituzte.
%99,4
Gaikako bilketa tasa. Legazpiko Euskal Herria plazako udal eraikinean dagoen gaikako bilketa tasa da, ehuneko ehunetik oso gertu dagoena.
Ohitura. Udal langileek errotuta daukate dena delako materialak birziklatzeko ohitura eta horrek asko laguntzen du neurri berriak ezartzen nahiz aspaldikoei eusten, Hernandez ingurumen teknikariaren arabera.