Ereindakoaren fruituekin goratu dute Garmendia
Kantuz, dantzaz, musikaz, hitzez eta antzerkiz oroitu dute Xalbador Garmendia euskaltzale zaldibiarra, bizileku zuen Anoetan. Bi herriek elkarlanean omendu dute. Euskaltasunaren paradigma bat izan zen.
Euskal Herriaren aro gogor bezain loraldizkoa bizitzea tokatu zitzaion Xalbador Garmendia Etxeberriari (Zaldibia, 1932 Anoeta, 2018).Arlo askotan egin zuen zerbait Garmendiak, kulturan eta euskaran bereziki. Anoetako Euskal Jaian omendu zuten zapatuan, bi herriek bat eginda.
Joaldunak adar hotsaren pean sartu ziren plazara, txalapartariek biltzeko deia jo, eta dantzariek biolontxelo doinu urratuan dantzatu zuten Agurra. Euskara badator plazara pankartak egin zuen ekitaldiaren buru.
Familiakoei lore sorta eta bukaeran Zumetak egindako artelana oparitu zieten. «Nahiko genuke Xalbador oroitzeak gutako bakoitzari ere balio izatea, Euskal Herriaren luze-zabalean, egunerokotasunean euskaraz normalatsun osoz bizi ahal izateko», irakurri zuen aurkezleak. Izan ere, euskaltasunaren esentzia bat, militantea eta egilea, gorpuztu ditu Xalbador Garmendiak. Eta hori ospatu dute.
Lagunen testigantzak
Kantua, dantza eta antzerkia izan ziren ekitaldian presente. Garmendiak euskaratutako Printze Txikia antzeztu zuten behinola Anoetan, eta zatiak errepikatu dituzte.
Paulo Iztueta lagunak honela deskribatu zuen: «Buru argia, hitz askea, ezagutza humanistiko aberatsa, iritzietan askea bezain ausarta zen. Irakurle amorratua, batez ere Pio Baroja zuen gustuko». Impio Don Pio tartean.
Atxilotutako uneak eta poliziei aurre nola egiten zien birgogoratu dituzte lagunek: «Ez zinen Gandhiren jarraitzaile, baina bide hori ere hartu zenuen herriaren alde».
Bertsoak elkarrekin abestuz, denak zutik Agur jaunak txistupean intonatuz eta irrintzi batekin bukatu zen ekitaldia.













