Ordiziako Udalak «kolapso egoera» ekiditeko kreditu gehigarria onartu du
Udal kontuak aztertu eta aurkitutako egoera ikusita 900.000 euro inguruko kreditu gehigarria onartu du Ordiziak. Tasek orokorrean gora egingo dute.
Ordiziako udal ordezkariek urriari dagokion udalbatza egin zuten iragan ostegunean. Luze joan zen, mahai gainean zeuden gaiak asko baitziren, tartean, 2019ko aurrekontuaren kreditu gehigarriaren behin-behineko onarpena, ordenantza fiskalen hasierako onarpena eta Gipuzkoako zaharren egoitzei buruzko mozioa.
Pasa den osteguneko udalbatzako puntu garrantzitsuenetako bat, 2019 urteko aurrekontuaren kreditu gehigarriaren behin- behineko onarpena izan zen. Hauteskundeen ondoren, EH Bildu, Adur Ezenarro buru dutela, EAJri erreleboa hartuta, udal gobernua osatu eta udal kontuen egoera zein den ezagutzeko lanean aritu da, besteak beste. «Udal kontuen egoera larria ezagututa, urtea amaitu ahal izateko zailtasunen aurrean erabakiak hartu behar izan ditugu, udaletxeak funtzionatzen jarraitu behar duelako», nabarmendu du alkateak.
2019 urteko aurrekontua ez zen onartu, eta aurrekontua luzatu egin zuten. 2019an Jose Migel Santamaria alkate izan den hilabetetan, «baimenduta zegoena baino gehiago gastatu» dela esan du Ezenarrok. Horregatik, «900.000 euroko inguruko kreditu gehigarria» onartu dute eta argi utzi nahi izan du «udalaren diru sarrera ordinarioekin finantzatuko» dutela, «udala ez zorpetzeko». EH Bilduk, PSE-EEk eta EAJk baiezko bozka eman zuten, eta Ordizia Orainek ezezkoa. Gai horri lotuta, Ezenarrok esan du «egoera honetara iristeko zer gertatu den hausnartuko» dutela.
Bestalde, hiru izango dira dedikazioa osoa izango duten zinegotziak eta horrela jakinarazi zitzaioan udalbatzari. Udal Gobernuan Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez. Oposizioan, EAJko Jose Migel Santamaria izango da azkenean liberatuta egongo den zinegotzia, eta jardunaldi osoan ariko da.
Ordenantza fiskalak
Ordenantza fiskalak ere landu zituzten, eta udal ordezkariek erabaki zuten KPIa igotzea ondorengo zergetan: ondasun higiezinen gaineko zerga; jarduera ekonomikoen gaineko zerga; trakzio mekanikoaren gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga; hiri lurrek irabazitako balioaren gaineko zerga; zerbitzu publikoak eskaini eta ekintza administratiboak egiteagatik ordaindu beharreko tasa; eta udal jabari publikoaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasak. Tasei dagokienez, hondakinen bilketaren tasa %5 igoko da. Azkenik, haur eskolaren udal zerbitzuagatiko tasak bere horretan segiko du.
Aldundiari eskaera
Udalbatzan landu zuten beste gai bat Gipuzkoako zaharren egoitzen inguruko mozioa izan zen. Ordizia Orainen, Elkarrekin Podemosen eta Ezker Anitzaren bidez, zahar egoitzetako langileek «Gipuzkoako Foru Aldundiari, Gipuzkoako egoitzei eragiten dien gatazka kolektiboan, behin betiko irtenbide bat lortzeko eskaera» egin zioten, « adin nagusiko erabileentzat kalitatezko zaintza bermatuko duena eta era berean, langileen lan baldintza duinak ziurtatuko dituena».
Gaur-gaurkoz, Foru Aldundiak finantzatzen du zaharren egoitzetako plaza guztien %85. Hainbat urtez «gastuak murrizteko grina horrekin, zerbitzu ugari kanpora ateratzen aritu da eta zerbitzua titulartasun publikokoa bada ere, azpikontratatuta gelditu da zentro horietako askotan». Plaza batzuk administrazioko langileek betetzen dituzte eta gainerakoak, azpikontratatutako enpresetako langileek. «Zerbitzuak kanpora ateratzeko politika horren emaitza, lan bera eginda ere lan baldintza oso desberdinak dituzten langileak egotea da».
Hori horrela, greban daude enpresa horien bitartez lanean ari diren langileak eta Ordiziako osoko bilkuran ondorengoa eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari: Aurrea hartu dezala lurralde honetako adinduen egoitzei eragiten dien gatazkaren ebazpenean; ezarri dezala epe labur bat egoitzetako gatazka amaitzeko; har dezala bere gain gatazka honi irtenbide bat emango liokeen akordio bat ez lortzeak dakartzen ondorio negatiboen erantzukizuna; eta, egin dezala azpikontratatutako zerbitzuak erreskatatzeari buruzko bideragarritasun plan bat.
Mozioa aurrera
Mozioa onartua izan zen, EH Bilduren, Ordizia Orainen eta PSE-EEren bozkekin. EAJko zinegotzien artean desadostasuna izan zen. Zazpi zinegotzi dituzte jeltzaleek eta horietako batek, baiezko bozka eman zuen. Gainontzeko seirek, abstentziora jo zuten, mozioaren azken puntua aldatzeko eskaeraren aurrean, udalbatza aretoan zeuden egoitzeko langileek ezetz erantzun ondoren.