«Akordio zabalagoak lortu nahi ditut bilkuretan»
Bigarren agintaldia du Olabidek. EAJ alderdia ordezkatzen du. Kimikaria da ikasketaz eta ingurumen aholkularitza enpresa bat sortu zuen. Alkate baino lehenago pertsona dela dio.
Koldobike Olabide Huelgaren (Legazpi, 1962) bigarren abizenaren erroak Asturiasen daude; lehenengoarenak, Legazpiko Mirandaola inguruan. Maiatzeko udal hauteskundeetan alkatetza berretsi zuen EAJ ordezkatzen. Bigarren agintaldia du eta politikara salto egitea erabaki zuen arren, erretiroa ahizparekin batera sortutako ingurumen esparruko aholkularitza enpresan hartuko duela uste du.
Iaz parte hartutako ekitaldi publikoak (76), bilera instituzional (142), prentsaurrekoak (29) eta herritarrekin izandako hitzorduak (88) zenbatuta dauzka; eskandinaviarrek bezala, urtea asteetan zenbatzen du.
Zeintzuk dira zure zaletasunak Legazpiko Udaleko alkate lanetan ez zabiltzanean?
Nire lehentasuna familia da. Bi seme-alaba ditut. Hurbileko familia eta beste senide guztiez ari naiz. Kuadrilla ere oso inportantea da niretzat. Ia 40 urte dira lagunarte bera dudala. Sukaldean aritzea asko gustatzen zait, lapiko artean kanporatzen dut estresa. Sukaldean aritzea gustuko dut eta jatea ere bai. Elkarte bateko bazkidea naiz eta mahaiaren bueltan sortzen den giroa ikaragarri gustatzen zait. Alkatetzan harreman pertsonala lantzea gogoko dut, alkate baino lehenago pertsona bainaiz.
Alkate izan aurretik zein zen zure ogibidea?
Kimikaria naiz. Ingurumeneko aholkularitza enpresa bat sortu nuen ahizparekin eta enpresa martxan dago. Profesionalki nire bizitza proiektua, nire begikoa. Nire pasioa izan da eta horretara bueltatuko naiz.
Nolatan egin zenuen salto politikara?
Politikan aritzeko lehenengo proposamena jaso nuenean ezezkoa eman nuen, bizitza eta lana oso antolatuak nituelako. Gero, Legazpik hartutako norabidea ikusita, nire esku zegoena egiteko erabakia hartu nuen udalerria beste bide batetik eraman ahal izateko. Orduan, nire burua eskaini nion EAJri, prest nengoela esan nien.
Etxekoei esan nienean gauza bakarra eskatu zidaten, udaleko diru poltsan sekula ez eskurik sartzeko. Pentsa, politikagintza ez dago batere ongi ikusita. Nik politikan lan egiten dut, besteak beste, jarduna duintzeko. Denok ez gara ustelak, gutxienak dira.
Jardun publikoaren zer alderdi da zailena?
Ez da gozoa, esate baterako, esposizio publikoa; ez norberarentzat ezta senideentzat ere. Familiak entzuten ditu behar ez dituen gauzak edo merezi ez dituenak. Guk, baina, udalean egiten duguna beste batzuk elkarteetan egiten dute, hau da, udalerriaren alde ari gara lanean. Aldea da udalean erabaki asko hartu behar direla eta denak konforme uztea ezinezkoa dela.
Aurreko udal hauteskundeetan baino boto gehiago lortu zenituzten.
Bai, bost zinegotzitik seira. Errepikatu dugun udal gobernuko kideontzat pozgarria izan da egindakoa ongi baloratu izana legazpiarrek. Gobernuan bi kide berri sartu dira, biak emakumeak, guretzat parekidetasuna inportantea baita. Lantaldearekin oso pozik nago, oso positiboa da norbera bezala beste batzuk ere herriaren alde egiteko prest daudela ikustea.
Alkate jardunean baduzu jada eskarmentua. Aurreko agintalditik zer hobetu nahi duzu dagoeneko martxan dagoen honetan?
Aurreko agintaldian baino akordio zabalagoak lortu nahi ditut osoko bilkuretan. Bereziki landuko dudan zerbait da, betiere nire esku bakarrik ez dagoela jakinda.
Goazen agintaldiaren erronketara. Gizarte zerbitzuak gidatzen dituen zinegotzia liberatu duzue.
Erronka nabarmenenetakoa demografikoa da. Gaur-gaurkoz legazpiarren %30ek 65 urte baino gehiago dituzte eta hamar urteren buruan %40-45 izango gara. Gizartelab proiektuan sartu gara, Gipuzkoako Foru Aldundikoa, eta Eusko Ikaskuntzak gidatzen duen ikerketa lanean 45-75 urte bitarteko hainbat legazpiar sartu dira. Helburua euren zahartzaroa nola ikusten duten jakitea da, euren kezkak, grinak eta beharrak zeintzuk diren antzematea. Haien ikuspuntua oso garrantzitsua da etorkizuneko zerbitzuak diseinatzeko. Aurtengo udal aurrekontua 11 milioi eurokoa da eta horietatik bi milioi gizarte zerbitzuetara bideratu ditugu.
Bellotako pentsioaren proiektuan lanean ari zarete?
Bai, han zer egin aztertzen ari gara. Eraikin hura udala hipotekatu gabe erosteko aukera izan genuen eta aurrera egin genuen. Enpresa bat kontratatu dugu eta ikertzen ari dira: Europa mailan nolako proiektuak dauden, adinekoei zuzendutako zerbitzuez gain, zer behar gehiago dauden, gazteen prekarietateari aurre egiteko irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen… Esploratu behar da.
Meaztikoa oso zerbitzu ona da, baina ez diogu bakarrik aurre egin behar adinekoen egoerari, bakardadeari ere bai. Nagusilanek lan itzela egiten du, Legazpi beti nabarmendu da boluntario kopuruan. Finean, formulak bilatu behar ditugu gizarte loturak indartzeko. Udal gobernuak lotura horiek sendotu daitezen baldintzak zein baliabideak jarri behar ditu.
Klima 2030 proiektuaz zer esan dezakezu?
Gizarte zerbitzuak indartu eta gure beste erronka nagusia klima ekintza da. Legazpi aitzindaria izan da ingurumen gaietan. Agenda 21eko Foroa hor dago. Haztegi ikastolako haur parke txikia ingurumen irizpideekin egin genuen eta Laubidekoan itxitura berdea jarriko dugu, baina kosta egin zaigu halakorik egingo duen enpresa aurkitzea oraindik berria baita. Gai hau zehar-lerroa da gure ekintza guztietan. Gizartea sentsibilizatu behar da klima aldaketa errealitatea delako eta egokitu beharra dagoelako.
Tren geltokiko lanak ze puntutan daude?
Adif-ekin ari gara elkarlanean. Hirigintza aldetik udalak badu zer egina. Geltokiko proiektua eginda dagoela badakigu eta kontratazio fasean dagoela, hurrengo urteko maiatz-ekainean hasiko dira; hori nahiko nuke behintzat. Urtebetez iraungo dute lanek.
Hirigintzan zer duzue egiteko?
Erronka irisgarritasuna bermatzea da. Legazpi aldapaz josita dago eta lan asko dago egiteko, batez ere, auzoetan. San Inazion hirigintza plan berezi bat dugu, Urtatzan arazoak konpondu beharra dugu, Bikuñan eskua sartu beharra dugu aspaldi ukitu gabe dagoelako… Asko dago egiteko.
Ekonomia arloan herriko merkatariak dira hauskorrenak.
Perco plana daukagu eta laguntzeko prest gaude kontziente garelako udalerriko merkatariek ez daukatela erraz. Merkataritzak gure herriak bizirik mantentzen ditu eta bertako erosketak balioetsi behar ditugu. Gure lana da gure esku dauden laguntzak eta baliabideak ematea.
Kultur arloari buruz gutxi hitz egiten da.
Iaz hasi ginen euskarazko antzerki emanaldiak berriro egiten eta Uztakalek harrera oso ona du. Kultur elkarteek osatutako lantalde bat dago eta ekintza positiboak ateratzen ari dira, adibidez, zineklubak martxan jarri duena beste elkarte batzuk emanaldietan inplikatuz.
Emakumearen Etxearen ekintzak Legazpira ekarri dituzue.
Musika eskolak utzitako egoitza horretarako prestatu dugu. Ikasgela ere han irekiko dugu.
Beste erronkarik?
Administrazio elektronikoa gauzatzeko lanean ari gara.