Lazkaok kirol giharrea tenkatu du
Lazkao Kirol Elkartearen aterkipean, 400dik gora lagun ari dira kirola egiten. Lehenengo aldiz, 2019-2020an lehiatuko diren taldeak plazan aurkeztu dituzte. Zazpi kirol-mota dauzka klubak.
Lazkaon kirola egiteko egitura bateratua 1980an eratu zuten, Lazkao Kirol Elkartea sortuta. Datorren urtean 40 urte beteko ditu. Indartsu, bete ere. 2019-2020 denboraldiari ekin die klubeko diziplina ugaritako taldeek. Gaur egun daukan giza-taldea eta bideratzen dituen kirol aniztasuna erakusteko, lehendabiziko aldiz aurkezpena jendaurrean egin dute: 400 kirolaritik gora, taldeka banatuta, plazan. Kirol elkartearen giharrea erakutsiz.
Zazpi atal ditu, gaur egun, Lazkao Kirol Elkartearen eskaintzak. Nagusitasuna, bai kirolari federatuei, bai hedadurari dagokionez, futbolak dauka. Saskibaloia, txirrindularitza, pala, igeriketa, atletismoa eta esku pilota ere baditu, ordea, geroz eta aniztasun eta jarraipen handiagoz.
Banan-banan oholtzara igota, pala taldea aurkeztu zuen Lazkao Kirol Elkarteak lehenbizi. Herriarteko txapelketa izango du helburu, 2020an ere. Txirrindulariekin jarraituz, adin guztietako kideek tropeltxo bakarra osatu dute: haur mailetatik hasi, afizionatuetatik segi eta profesionaletara arteko aukera du Lazkaok.
Iazko azaroan sortutako saskibaloi taldearen txanda izan zen, hurrena. Neskek osatzen dute. Igeriketak ere baditu jarraitzaileak eta egileak Lazkaon; eskualdeko txapelketa bakanetakoa ere antolatzen dute, urtero, San Prudentzio jaietan.
Profesionalak ere bai
Atletismoak ere badu presentzia. Ordiziako Txindoki elkartean federatuta daude lazkaotar atleta gazteak. Antzar Korrikalariak ez dira izan ekitaldian.
Gorria eta zuria nagusitu da, jarraian, oholtzan. Goierri Gorri futbol klubeko lazkaotarrena, batetik. Neska saldoak osatzen du klub horretako Lazkaoko partaidetza; talde ugarik entrenatzen dute Harizti Handin. Zuria, Lapke klubaren pilotari harrobi oparoak jarri du. Futbolaren ondoren, kirol jendetsuena esku pilota da Lazkaon, gaur egun.
Futbol sailean, berriz, zortzi talde ditu Lazkaok, infantil txikitik erregionaletara.
Haur, gaztetxo eta amateurren artean, bi profesional baziren: Gari Bravo txirrindularia, Murias-Euskaditik 2020rako Euskadi Fundaziora jauzi egina. Eta Beñat Ibarguren palaria. Abuztuan, Innpala enpresarekin debutatu du pala profesionalean, Bilboko Aste Nagusiko Txapelketan.