Txabolak pisten ondora eramatea proposatu du EH Bilduk batzorde berrian
Aholku Batzordearen lehen batzarrean Enirio-Aralarko Larreen Antolaketa Plana aurkeztu du EH Bilduk, Ordizian. Aralarren dagoen animalia kopuruarekin kezka agertu dute batzordean
Enirio-Aralar Mankomunitatearen baitan landuko diren gaien inguruan aholkurako eta eztabaidarako organo berria da Aholku Batzordea. Maiatzeko hauteskundeen ondoren, udal berriak osatuta, uztailaren 29an, Enirio-Aralar Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordearen ohiko bilkuran erabaki zuten organo berri hori eratzea. Uztaileko bilkuran, 15 udal ordezkarietatik 13 bertaratu ziren Arama eta Beasain ez ziren egon. Mankomunitateko herritar guztientzat irekia den batzorde berria eratzeko proposamenak, aldeko zazpi bozka jaso zituen Amezketa, Ataun, Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia, aurkako bi Abaltzisketa eta Altzaga eta lau abstentzio Baliarrain, Gaintza, Lazkao eta Orendain.
Iragan astean, asteazkenean egin zuen Aholku Batzordeak lehen batzarra Ordiziako udaletxean. Areto nagusia goraino bete zen, ordezkari politikoz gain, artzainak, ganaduzaleak, Landarlan Ingurumen elkarteko kideak, Aranzadikoak eta EHNE eta Enba sindikatukoak egon ziren, besteak beste. Azken urteetan Aralarren pistak eraikitzeak sortu duen auziaren aurrean, EH Bilduk Aralarko Larreen Antolaketa Plana aurkeztu zuen. «Enirio-Aralar Mankomunitateak kudeatutako lurretatik ganaduak erabilitako larre lekuak bakarrik» hartzen ditu kontuan planak, «bertako larreen kudeaketa antolatzea baita helburu nagusia». Txostenak proposatzen du, «pista berriak egin ordez, jadanik eraikita daudenen alboan txabola berriak egitea».
Enirio-Aralar Mankomunitatean 40 txabola daude. Irisgarritasunari dagokionez, txabola horietatik 19k dagoeneko badute pista txabolaraino eta beste 3tara traktorez irits daiteke. 13 txabola dira beraz «irisgarritasun arazo larriak» dituztenak.
Beharrak lehenetsi
Bi talde bereizten ditu txostenak: «Mendian ardiak jetzi eta gazta egiten dutenak batetik; eta mendian gaztarik egiten ez dutenak bestetik». Lehenengoek txabolara joan etorriak «maizago» egin behar dituzte. Egun, ardiak igotzen dituzten 39 artzainetatik, 18k egiten dute mendian gazta eta horietatik 13k «kopuru esanguratsuan».
Pista gehiago eraikitzeko batzuek egindako eskaeraren aurrean, txostenak aurreikusten du txabolen erabilera «jaitsi» egingo dela epe labur eta ertainean: «Artzaintza beheranzko joeran delako, eta artzain zahar askok ez dute erreleborik ziurtatua».
Gainera, Aralar Natura Parkea den aldetik, legeak berak babesten du. Txostenak ere argi adierazten du hori: «Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak erabat mugatzen ditu pista berriak egiteko aukerak, eta txabola horiei bidea irekitzeko aukerarik ez du uzten». Hori horrela, EH Bilduk proposatzen duena da «dauden azpiegiturak aprobetxatuz, jadanik eginda dauden pisten inguruetan, borda berriak egitea».
Aralarren artzaintzaren egoera aztertu ondoren, irisgarritasun hoberena izateko proposamenak hiru eremuri eragingo liokete: Goroskintxuri, Eniriori eta Arritzagari. Eremu horietan txabola lagungarriak eraikitzea da proposatutakoa.
Bestalde, Aralarren dagoen animalia kopuruarekin kezka agertu dute Mankomunitateko hainbat ordezkarik. Hori horrela, aurkeztutako txostenak «azienda-zamaren doitzea» aurrikusten du, «gehiegizkoa» delako, «egungo larre lekuen azalerarako». Ardi kopurua azken hamar urteetan, 17.000 eta 18.000 buru artean mantendu da. Behi eta behor kopuruak berriz nabarmen egin du gora: 2014tik %13, txostenaren arabera
Gai horri aurre egiteko asmoz, oinarri izango dituzte bai etorkizunean erabiliko diren txabolen aurreikuspenak eta Gipuzkoako abeltzaintzaren egitura sozioekonomikoa, bai larre baliabideak egoera onean mantentzeko ardura ere.
Adur Ezenarro Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakari berriak argi utzi zuen «aurkeztutako txostena proposamen bat» dela eta aurrerantzean «aurkezten diren ekarpenak jaso eta hausnartuko» direla.