Landarlanek ontzat hartu du Aholku Batzordearen eraketa
Landarlan Ingurumen Elkarteak modu «positiboan» baloratu du Enirio-Aralar Mankomunitateak pasa den urriaren 9an egin zuen lehen Aholku Bastzordea, eta «norabide onean» doazela nabarmendu dute. Eragile desberdinek, «sindikatu eta elkarte desberdinak», aretoa bete izana «oso ondo» iritzi dute.
Mankomunitateak erabakiak hartu aurretik elkarteek eta herritarrek iritzia eman ahal izateak «erakunde irekiaren eta gardenaren bidean dagoela esan nahi du» eta pauso hori «ona eta beharrezkoa» da Landarlanek dioenez.
Bileran, EH Bilduk Aralarko Larreen Antolaketa Plana aurkeztu zuen eta «ona» dela esan dute, «datu ofizialetan oinarrituta» dagoelako eta Aralar natur parkearen legedia «aintzat hartzen duelako». Gainera, larreen ordenantza betearazten hasteko helburuaz gain, aldaketak egiteko proposamena artzainentzat, abeltzainentzat eta parkearentzat «mesedegarria» izango dela adierazi dute.
Bestalde, Alotzako ikerkertarako itxitura deseginda agertu izanagatik haserre agertu dira, horrelako ekintzak «deitoragarriak» direla argudiatuz eta itxitura osatzea eskatu dute.