Zumarragako Udalak %0,5 igo ditu zergak eta tasak datorren urterako
Uraren tasa %2,9 igoko da eta zaborrari dagokiona, berriz, %2. Ibilgailuen gaineko zerga izoztu egingo dute. Udalak lehenengoz igo ditu zergak eta tasak, 2015etik
Zumarragako Udalak 2020ko ordenantza fiskalak onartu ditu. Zergak eta tasak %0,5 igoko dira, oro har: KPIaren igoera Estatu espainiarrean 2018ko uztailetik 2019ko uztailera. PSE-EE eta EAJ alderdiek alde bozkatu dute eta EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga abstenitu egin dira.
Tasa eta zerga guztiak ez dira %0,5 igoko. Urari dagokiona, adibidez, %2,9 igoko da. %2,75 Ur Kontsorzioak eskatuta igoko da eta %0,15 udalak Aquarbe enpresarekin sinatutako akordioa orekatzeko. Izan ere, akordio hori Arcelor-Mittalen kontsumoa kontuan hartuta sinatu zen eta enpresaren itxierak Aquarberen diru sarrerak murriztu ditu. Uraren tasa urtero ari da igotzen, baina Aquarbek eskatutakoa baino gutxiago.
Zaborraren tasa, berriz, %2 igoko da. Igoera hori Sasieta mankomunitateak proposatutakoa da. Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, izoztu egingo da. Auto elektrikoek %75eko hobaria izango dute lehen lau urteetan eta hibridoek eta gasa erabiltzen dutenek %50ekoa lehen bi urteetan.
Gainontzeko hobariei dagokienez, hiru seme-alabako familia ugariek %50eko hobaria izango dute ondasun higiezinen gaineko zergan, lau seme-alaba dituztenek %70ekoa eta bost seme-alaba edo gehiago dituztenek %90ekoa.
Balio historikoa eta artistikoa duten eraikinetan egiten diren obrek eta interes soziala dutenek ere hobariak izango dute. %95ekoa hain zuzen ere.
Jose Mari Bermejo Ogasun batzordeko lehendakariak eman zuen ordenantza fiskalen berri. Alderdi guztiei eskerrak eman zizkien, egindako lanagatik. «Bost bilera egin ditugu eta proposamen asko aurkeztu dira».
2015etik 2018ra tasak izoztuta egon dira. Mikel Serrano alkateak Arcelor-Mittalen itxierak udalaren diru sarrerak %10 murriztu dituen arren, zerbitzuen kalitatean ez dela murrizketarik egon aipatu zuen. Bermejok aurtengo igoera «jasangarria» eta zerbitzuen maila mantentzeko «beharrezkoa» dela esan zuen.
Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako koalizioko ordezkariak beraien nahia etxebizitza hutsei %75eko gainordaina ezartzea zela esan zuen. PSE-EEko Rosa Maizak gainordain hori ezarri duten udalek arazoak dituztela aipatu zuen. «Erreklamazio asko jaso dituzte. Jaurlaritza gai hau lantzen ari da eta bukatzen duenean erabaki bat hartuko dugu».
Josu Idigoras EAJko bozeramaileak herritarrak gehiago birziklatzera animatu zituen, zaborraren bilketagatik gutxiago ordaintzeko. Hobariez ere hitz egin zuen. «2020an zehar hobari berriak ezartzeaz hitz egitea espero dugu. Gai honekin lotuta, informazio kanpaina bat antolatu beharko litzateke. Izan ere, gure ustez, jende askok ez ditu hobariak baliatzen ez duelako beraien berri».
Josu Aztiriak EH Bilduk hondasun higiezinen zergaren inguruan egindako proposamenen berri eman zuen. EH Bilduk familia ugari guztiek %90eko hobaria izatea eta etxebizitza hutsei %100eko gainordaina ezartzea nahi zuen.
Osoko bilkuran kontu hartzaileak prestatutako eragozpen txostenaren berri ere eman zuten. Eragozpen hori udalarentzat lan egiten duen arkitektoarekin lotuta dago. Irailaren 8a geroztik arkitektoak kontraturik gabe lan egin du eta aurkeztu dituen fakturek legeak onartzen duena gainditzen dute, 2.500 euroan. Hala ere, alkatetzak diru hori ordaintzea onartu du. Aztiriak «oso larria» dela esan zuen. Mikel Serranok hartutako erabakia bere gain hartu zuen. «Arkitektoak martxan zeuden lanak ez gelditzeko jarraitu du lanean. Pleguak onartuta daude eta lehenbailehen lizitatuko dira».
Bukatzeko, plenoaren amaieran EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak aurkeztutako deklarazio bat irakurri zuten. Deklarazioa Kataluniako buruzagi independentistei buruzkoa zen. Epaia «justifika ezina» dela esan zuten. PSE-EE aurka azaldu zen.