«Herritarrak erabakietan partaide izatea da gure nahia eta helburua»
Iñaki Alberdi (Idiazabal, 1976) izan zen EH Bilduren zerrendaburua, eta hauteskundeak irabazita, alkatetza hartzea tokatu zaio. Kargu berriak bizimodua goitik behera aldatu badio ere, ilusioz eta gogotsu ari da lanean:
Alkatetza kargu berria da zuretzat. Zergatik aurkeztu zinen zerrendaburu eta zer moduz lehen hilabeteak?
2007-2011 legealdian zinegotzia izan nintzen eta beti egon naiz politikatik gertu. Azken urteetan, zerrendak osatzea ez da batere erraza. Erronka horri heltzeak niri zer emango lidakeen baloratu nuen batetik, eta erantzukizunagatik ere egin dut.
Lehenengo hilabeteak gogorrak izan dira. Zerrendaburua izateko prest agertu nintzenean, alkatetza lortzea ez genuen espero, nahiz eta herritarrengan aldaketarako gogoa ikusten genuen. Sorpresa handia izan zen hauteskundeak irabaztea eta sentipen kontrajarriak izan nituen. Batetik, poz handia sentitu nuen, baina bestetik etor zitekeen guztia gainera etorri zitzaidan. Kargu berriarekin nire bizitza berregituratu behar izan dut.
Nolakoa zen zure bizimodua?
Seme-alabak ditut. Prozesu teknikaria naiz Orklin eta kirola oso gustuko dut, beraz, familiaren, lanaren eta kirolaren artean banatzen nuen denbora. Puzzlean pieza berri bat sartu behar izan dut. Une honetan kirola egiteko denborarik ez dut, familiari ere denbora gutxiago eskaintzen diot, Orklin lanaldi erdira nago eta udaletxean ere lanaldi erdian nago, nahiz eta azken hori ez den guztiz erreala, lau orduz bakarrik alkate izatea ezinezkoa delako. Saiatzen naiz egunak ondo antolatzen, baina udaletxean espero ezin diren gauza asko gertatzen dira.
Gauzak horrela, indartsu zaudela ematen du.
Bai, hala da. Pixkana kokatzen ari naiz, eta geroz eta gusturago sentitzen naiz. Jendearekin egotea oso gustuko dut, interrelazio horretan asko disfrutatzen dut. Herritar gehienekin ederki konpontzen naiz eta, gainera, herriaren alde zerbait egin dezakedala sentitzen dut. Denborak aurrera egin ahala erronkak handiagoak izango dira, baina esan bezala, geroz eta gusturago nago. Gogo askorekin nago.
Hauteskunde gauean, aurreko alkatea zugana gerturatu zen.
Bai, zoriontzera etorri zen. Lehenengo egunetik esan genuen eta mantentzen dugu, Izal Bai gurekin eroso sentitzea nahi dugula. Idiazabalgo udaletxea urte askoan eraman dutela ezin dugu ahaztu, eta oso kontuan dugu hori. Jakituria handia dute eta orain arteko martxa ezagutzen dutenak dira. Arduragabekeria izango litzateke hori ahaztea eta beraiekin ez kontatzea.
Ioritzen aldetik, oso naturala izan zen. Pertsonalki tratu oso ona dut, bai berarekin baita Izal Baiko zinegotziak izan diren beste batzuekin ere.
Legealdian elkarlana izango da nagusi?
Bai, bidea hori delako. Komisio batzuetan, kirola, kultura eta ongizatea, gure taldeak izango du ardura baina Izal Bairen ardura dira turismoa eta garapena eta mendietako komisioak. Dena den, ardura talde batek izanda ere batera ari gara batzorde horietan lan egiten. Gure aldetik ez dugu ezkutatzeko ezer. Transparentzia eta elkarlana indartu nahi ditugu.
Proposamen askoko programa aurkeztu zenuten. Nola osatu zenuten?
Eragile ezberdinen laguntza izan genuen, herriak dituen beharrak identifikatzeko. Hura izan zen hazia.
Parte hartzeari garrantzia handia eman zenioten. Programa ere hala osatu zenuten. Lan ildoa lerro horretatik joango da?
Udaletxea zerbitzu bat da. Herritarrek eskatu eta udalak eman, askorentzat hori da udala. Guk sinisten duguna da herritarrek ere egin, egin dezaketela. Batzorde guztiak irekiak dira, beraz herritar guztiek parte har dezakete. Eta haiek ekarpenak egitea oso interesgarria da, eta askoz ere aberasgarriagoa gainera. Herritarrak udalak hartzen dituen erabakien partaide izatea da nahia eta helburua. Gainera, une honetan, talde eragileen artean dagoen harremana hobetu daitekeela uste dut, eta horretan udalak lagundu egin behar du. Eta harreman horiek sendotu ahala herriari bizi gehiago eman nahi diogu. Horretarako ere, ditugun espazioak ondo hausnartu behar ditugu
Espazio publikoa aipatu duzu. Programako puntuetako bat eskaini zenioten horri.
Bai, aspaldiko eskaera baita. Batez ere haurrei begira. Gai horren bueltan lanean hasteko taldea osatuko dugu. Herriko haurrak libre ibil daitezen espazioa badugula uste dut, baina ezertan hasi aurretik, haurren iritziak ere jaso beharko ditugu, zein behar duten ezagutzeko. Kargua hartu dudanetik, herriko haurrak izan dira iritziak emateko nigana hurbildu direnak. Gizarte parte hartzaile bat nahi badugu, txikienak oso kontuan izan behar ditugu, etorkizunean, politikan inplika daitezen.
Kultur etxea da proiektu bat.
Perspektiba luzeko proiektua da, ez da egun batetik bestera egingo eta legegintzaldi honetan ere ez dugu bukatuko. Udaletxe zaharra zegoen tokian kultur taldeak zentralizatzea da asmoa eta kultur arloari begira erreferente izatea, zentzu horretan hutsune handia baitago.
Gaur egun udaletxea dena lehen kultur etxea zen. Elkarte bakoitzak bere txokoa zuen eta bizi handia zegoen. Eraikin aldaketa egin zenean, kultur taldeak oso sakabanatuta gelditu ziren, bakoitza herriko punta batean eta erreferentzialtasuna emango dion gune bat behar-beharrezkoa da. Oraintxe Emunekin harremanetan gaude parte hartze prozesu bat abiarazteko asmoa dugulako.
Gurutze Berri zertan da?
Oraintxe esleitu dugu proiektua eta ahal bezain pronto hasiko dira lanak, behar handia duen auzoa delako. Legealdi honetan egingo den proiektu garrantzitsuenentakoa izango da.
Bestelako inbertsio garrantzitsurik aurreikusten duzue?
Herri honetan faltan botatzen da toki estali bat. Horri buelta batzuk emango dizkiogu. Gainera, oinezkoei lehentasuna eman nahi diegu. Idiazabalek arazo bat dauka, gorako eta beherako kale bakarra du eta oso errotuta dago ibilgailuek erdiko kalea erabiltzea. Horri buruz ere hausnartu nahi dugu. Kale hori peatonalizatzea, asteburuetan ixtea, baloratu beharrean gaude.
Zahartzaroari eta gazteei buruz zer diozu?
Idiazabalek 500 jubilaturen bueltan ditu eta oso kontuan izango ditugu. Duela egun gutxi jubilatuen eguna ospatu genuen eta horrelako ekimenak babesten jarraituko dugu. Baita Izal Bira bezalakoak ere, kirola egiteaz gain harremanak sendotzen dituelako.
Gazteei dagokienez, haiekin dugun harremana oso sanoa da oraintxe eta hori mantendu eta indartu egin behar dugu, herriaren motorra direlako. Herriko agendari dagokionez ere ekarpen garrantzitsuak egiten dizkiote eta hala jarraitzea da bidea.
Pediatria zerbitzua zertan da?
Balorazioa egin dugu hainbat pediatrekin hitzegin ostean, eta ez da oso bideragarria. Gainera, Beasainen dagoen zerbitzua kalitate oso onekoa da.
Bukatzeko, lau urte barru zer?
Berriak gara eta proiektuak martxan jartzeko lau urte denbora gutxi da. Uste dut gutxienez zortzi urteko ziklo bat behar dugula gauzak demostratzeko. Lau urte pasa eta gero berriro hauteskudeetara aurkezteko indarrak izatea da desio dudana.