Sagardoa, baita latan ere
Zeraingo Oiharte sagardotegiak latan ere merkaturatuko du sagardoa hemendik aurrera. Ezkioko Igartubeiti baserrian egiten ari diren Sagardo Astearen barruan aurkeztu dute egitasmo berria.
Betiko produktu bat egungo beharretara egokituta. Hori bilatu nahi izan du Zeraingo Oiharte sagardotegiak, beraien produktua latan ere merkaturatuta. Bezeroari “kalitatezko sagardoa modu erraz batean” dastatzeko aukera emango dio latak. Beste hainbat abantaila ere azpimarratu dituzte, hala nola, eramateko erraza izatea, kortxorik atera beharrik eza, eta edozein toki eta momentutan edateko aukera, adibidez, mendira egindako txango batean. Euskal Sagardoa latan eskainiko duen aurreneko sagardotegia da; izan ere, latan eskainiko dutena, %100 bertako sagarrarekin egindako produktua da, “Jatorri Deituraren kalitate berme zorrotzak” betetzen dituena.
Igartubeiti baserriko Sagardo Astearen barruan aurkeztu dute gaur egitasmo berria. Oiharte sagardotegiko kideez gain, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko, Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Mikel Garaizabal enologoak gidatuta, dastaketa egin dute, eta honek, lataren eta bertako sagardoaren onurak goraipatu ditu.
Oiharte sagardotegiko Haritz Egurenek azaldu duenez, lagun batek proposatu zien sagardoa latan ontziratzen hastea, eta “begiak iriki” zitzaizkien orduan. “Zergatik ez? esan genuen, eta horrelaxe hasi ginen”. Etxean ez dute latan ontziratzeko makinarik, baina beste enpresa baten bidez egiten dute. “Edari gehienak latan edateko aukera dago, eta munduan zehar sagardo gehiago ere egongo dira agian, baina hau da euskal sagardoaren munduan berria da”. Produktu berria izanda, “bere bidea” egingo duela uste du Egurenek; “momentuz etxean, dendatan eta tabernetan eskaintzen hasiko gara, eta berak erakutsiko digu zer bide egingo duen”. Mendira edo hondartzara joateko aproposa dela uste du: “eramateko erraza da, ez du edalontzirik behar, irekitzeko errazagoa da, hausteko zailagoa… baditu bere abantailak”.
Bere aldetik, Unai Agirre Euskal Sagardoa izendapeneko lehendakariak, “horrelako egitasmoak beso zabalik” hartzen dituztela azaldu du. “Kasu honetan, gainera, sagardotegi batek egin du apustua eta horrek poza ematen du”. Euskal sagardoaren barruan “tradizioa eta kalitatea kontuan hartuta, etorkizunera eta egungo egoerara egokitu” behar dela uste du, eta zentzu horretan, “latak aukera berriak” eskaintzen dituela. “Gaurko aurkezpen honek atzetik etorriko diren gehiagoren abiapuntu izan nahi du, sektorea mugimendu bizian dago eta badatoz gauza berriak” eta laster gainera, berrikuntza gehiago ikusteko aukera izango dela aurreratu du.