Umeen artelanak, Oteizaren omenez
Jorge Oteiza eskulturgileak Ordiziarekin izandako harremana eskertzeko, haren aldeko eguna antolatu zuen Ehunate elkarteak. Seguran Umetxea zabaldu zuten, eta Beasainen, Mintzalaguna egitasmoaren bigarren ekitaldia hasi zen.
Jorge Oteizak lotura estua izan zuen Ordiziarekin, Nikolas Lekuona ordiziarrarekin izan zuen harremana eta Goen plazan jarri zuen eskultura tarteko. Ehunate elkarteak, haren omenezko eguna antolatu zuen duela hamabost urte, eta haren berri eman zuen Hitzak urriaren 21eko alean. 400 umek baino gehiagok parte hartu zuten Orioko artista gogoratzeko ekitaldietan. Haurren irudimena eta sormena landu nahi izan zituzten Ehunatekoek. Hala azaldu zuen Maddalen Sarasola antolakuntza taldeko kideak: “Oteizaren lanek herriarekiko eta kulturarekiko maitasuna zabaldu eta sustatzen dute. Gaur sendtimendu hori bera zabaldu nahi dugu”.
Haurrekin jarraituz, Seguran Umetxearen ikasturte berria zabaldu zutenaren berri ere eman zuen Hitzak. Herriko umeek neguan jolas egiteko aterpe edo gela zen, udalak utzitako apaiz etxeko lokal batean egokitu zutena. Haurrez gain, gurasoak ere elkartu ziren irekiera ekitaldian, eta jolasez gain, merienda ederra ere egin zuten.
Beasainen, euskararen ezagutza areagotu eta erabilera bultzatu nahian, Mintzalaguna egitasmoa jarri zuten martxan, bigarren urtez. Beasainen euskararen ezagutza nahiko altua izan arren, erabileragatik kezka agertu zuen udalak, eta euskara ikasleek ere euskaraz hitz egiteko foro baten beharra ikusten zuten. Puy Arraizaren hitzetan, “kosta egiten zitzaigun betiko harreman sareetan gaztelania baztertu eta euskaraz hitz egitea, horregatik proposatu genuen euskaraz mintzatzeko laguna edukitzea”. Enkarni Arrieta zen mintzalagun horietako bat: “astean ordubete gutxienez egoten gara ikasleekin euskaraz hitz egiten, eta egia esan, oso gustura nago”.