Ordiziarrock-en hamaseigarrena, «jendetsuena»
Maila goreneko musikariak ekarri ditu Ordiziarrock jaialdiak hamaseigarren edizioan. Aurtengo lanak «ondo» eginda, hamazazpigarren jaialdian du burua antolakuntzak dagoeneko
Beste behin ere maila goreneko musika jaialdia izan da Ordiziarrock. Hamaseigarren edizioan rock & roll doinuak eta berritasun teknologikoak izan dira nagusi. Antolakuntzako kideak «oso pozik» agertu dira jaialdiak emandakoarekin, «publikoaren erantzunarekin, jendetsuena izan delako» eta «lan taldeak egindako lan profesionalagatik».
Hiru egun, hiru eskenatoki eta 100 inguru musikari. Adrenalized, Lehiotikan, Nuevo Catocismo Catolico eta Orquesta Bisuteria izan dira aurtengo Ordiziarrock jaialdiak ekarri dituenak, besteak beste. Duela 16 urte hasi zuen ibilbideari jarraituz, «musika eskaintza zabala» izan da aurtengoan ere.
Hamazazpigarrena
Azken egunetan egindako lanagatik «nekatuta» daude, baina hala eta guztiz ere, Ordiziarrock Ekintzak Taldeko kideek jaialdiaren hamazazpigarren edizioan dute burua dagoeneko. «Hobetu daitezkeenak hobetu eta berritasun gehiagorekin etorriko den jaialdia» izango dela aurreratu dute.