Goierriko sei gaztagile saritu dituzte World Cheese Awardsen
Idiazabal Jatorri Izendapeneko 31 gaztandegi saritu dituzte WCA nazioarteko lehiaketan. Gaztagile goierritarrek bederatzi domina lortu dituzte.
World Cheese Awards nazioarteko gazta lehiaketa egin dute asteburuan Bergamon (Italia). Kontinente ezberdinetatik etorritako 3.800 gazta aurkeztu dituzte aurten, eta 250 epaile aritu dira aukeraketa lanetan. Amerikar Estatu Batuetako gazta batek, Oregon estatuko River Blue gazta urdin organikoak, irabazi du sari nagusia. AEBtako gaztandegi batek lehiaketa hori irabazten duen aurreneko aldia izan da.
Lehiaketa horretan, Idiazabal Jatorri Izendapeneko 31 gaztandegi ere saritu dituzte, eta horietatik sei gaztagile dira goierritarrak. Eskualdekoen artean saririk potoloena Idiazabalgo Aranburu Elkarteak jaso du, urrezko dominarekin. Joseba Insausti ordiziarrak eta Ataungo Troskaetak zilarrezko domina bana lortu dute. Eta brontzezko mailan, Javier Muñoa (2 domina), La Leze (2 domina), Aranburu Elkartea (domina 1) eta Joseba Insausti (domina 1) izan dira sarituak.
Bestalde, antolakuntzak jakinarazi duenez, 2020ko WCA lehiaketa Oviedon (Espainia) egingo dute, azaroaren 4tik 7ra bitartean.
Baztarrika, La Seu d’Urgell-en saritua
WCA lehiaketaz gain, Goierriko beste gaztandegi batek, Gabiriako Baztarrikak, ere lortu du sari bat egunotan. La Seu d’Urgell (Herrialde Katalanak) herriko lehiaketan izan da, gazta zaharren atalean.