Ibilgailu klasikoek eta Legorpartyk itxiko dute Kultur Astea Legorretan
Hitzaldiak, kontzertuak, film emanaldia, garagardo azoka eta beste hainbat ekintza izango dituzte aste osoan zehar Legorretan, Kultur Astearen barruan
Andoni Egañaren eta Oihana Iguaranen bertso saioarekin ekin zioten igandean Legorretako Kultur Asteari eta hurrengo igandera arte, egunero izango dituzte ekintzak.
Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak bakarrik dauden nerabeentzat dituen etxebizitzen eta baliabideen aurkezpena eta kulturartekotasunaren inguruko hitzaldia egingo dute, udaletxean 18:00etan. Bihar, Amaia Elizagoienen Amaiur ipuin musikatuaren emanaldia izango da Kultur Etxean, 17:00etan. Ondoren, buruhandiak, eta Fernando Plazaolak unibertsoaren inguruko hitzaldia egingo du udaletxean. Ostegunean, eskalada, rappela eta puentinga egin ahalko dira pilotalekuan, eta Herri Antzokian, Sua filmaren emanaldia eta solasaldia, 19:30ean.
Asteburuari begira, ekintza ugari dago baita ere. Ostiralean Legorparty ordenagailuen topaketari ekingo diote, Kultur Etxean, 17:00etan. Igandera arte egongo dira. Ostiralean ere, Ainhoa Garmendia sopranoak Euskal kantuen errezitala egingo du, Borja Rubiños piano jotzailearekin Herri Antzokian, 20:00etan. Sarrerak kioskoan daude salgai 10 euroan. Gauean, 25. Mus Txapelketa egingo dute Bilkoin elkartean.
Larunbatean, robotak programatzeko tailerra hasiko da 10:00etan eta arratsaldean, garagardo artisauen azoka egingo da plazan, baita Ttipika taldearekin erromeria eta Kantu Jira ere.
Kultur Astearen azkeneko egunean, igandean, 09:00etan hasita Xendabelarrak ibilaldia eta ibilgailu klasikoen zazpigarren topaketa egingo dituzte.













