Nerabeentzako Zerbitzuak ikasturteari hasiera eman dio erabiltzaile berriekin
Haztegiko eta Olazabaleko DBH-1eko ikasleei zerbitzua aurkeztu diete. Bihar gurasoei zuzendutako ate irekien eguna egingo dute. Lau hezitzaile lanean ari dira Nerabeentzako Zerbitzuan
Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzuak ateak ireki ditu. Ikasturteari hasiera emateko hainbat ekintza burutu dituzte jada. Hasteko, DBH-1eko erabiltzaile berriei aurkezpena egin diete. Eskola orduetan egin dute aurkezpena, Haztegi ikastolako eta Olazabal institutuko tutoreek batzarrean lagun izan dituztela. Horrez gain, aurreko ostiralean zerbitzua kalera eraman zuten gazte legazpiarrei haren berri emateko. Aste honi dagokionez, gurasoei deialdia egin diete zerbitzuaren nondik norakoa aurkezteko bilerara joan daitezen.
Gurasoei gutun bitartez egindako deialdian 300 gutun bidali ditu udalak aurkezpen bilera bihar, 18:30ean, Gazte Txokoan izango dela jakinarazi diete; 12 eta 16 urte bitarteko gurasoei egin diete joateko gonbidapena.
Nerabeentzako Zerbitzuak 15-18 Proiektua ere esku artean dauka, eta proiektua adin tarte horretako legazpiarrei aurkezteko bilera deitu dute. Erabiltzaile berriei egin diete bereziki deialdia, hala ere, Isa Sanz udaleko gaztedi saileko teknikariak, deialdia irekia dela esan du. Bilera datorren ostiralean izango da, 17:30ean. 15-18 Proiektua adin horretan dauden legazpiar gazteen beharrei emandako erantzun hezitzailea da. Hamabost egunean behin biltzen dira, ostiraletan, eta kezkak sortzen dizkieten gaiak lantzen dituzte hezitzaileekin. Hiru zehar lerro ditu proiektuak: berdintasuna lantzea, euskararen erabilera sustatzea eta herritartasun digitalaren programa.
Nerabeentzako Zerbitzua izendatu zuten 2011n ordura arte Gazte Txokoa izandakoa (2004-2010). Egun Gazte Txokoa topagune fisikoa da, eta zerbitzuak kalean eta gizarte sareetako lana ere hartzen ditu. Guztira lau hezitzailek lan egiten dute Legazpiko zerbitzuan eta haien bokazioa gazteen bidelagunak izatea da.