Urretxuko Udalak %0,5 igo ditu tasak eta zergak, aho batez
Zaborren tasa ez da igo, herritarren jarrera ona saritzeko. Uraren tasa %1,9 igoko da uraren prezioa igo egin delako eta langileen lan baldintzak hobetzeko
Urretxuko Udalak tasak eta zergak %0,5 igotzea onartu du, aho batez. Igoera hori KPIaren igoeraren baliokidea da.
Zerga eta tasa gehienak %0,5 igoko dira, baina salbuespen batzuk egongo dira. Zaborren tasa ez da igoko. Udalak herritarren jarrera ona saritu nahi du. Izan ere, birziklapen tasa bi puntu igo da azken urtebete honetan. %79ra heldu da.
Uraren tasa, berriz, %1,9 igoko da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak uraren prezioa igo duelako eta langileen lan baldintzak hobetu nahi dituelako erabaki du udalak tasa hori igotzea.
Kiroldegiko prezioei dagokienez, igoera azken urteetakoa baino txikiagoa da. 2017an, 2018an eta 2019an igoera %5ekoa izan zen, zerbitzuak behar bezala ordaintzeko eta inbertsioak egiteko. 2020an, berriz, igoera %0,5ekoa izango da. Gainera, igerilekuko abonamendua mantentzea erabaki da. Abonamendu hori iaz jarri zen martxan herritarrek eskatuta eta arrakasta handia izan du.
Bestalde, Hirigintza eta Ogasun batzordeek egindako azterketaren ondoren, jarduerengatik ordaintzen den tasa aldatzea erabaki da. Orain arte, jardueraren arabera gehiago edo gutxiago ordaintzen zen. Hemendik aurrera, jardueraz gain, negozioak okupatzen duen sailaren tamaina ere kontuan hartuko da.
Obrak egiteagatik ordaintzen den tasan ere aldaketak egin dira. Orain arte obra handiak eta txikiak bereizten ziren. Hemendik aurrera hiru bereiziko dira: 12.000 euro edo gutxiagokoak, 12.001 eta 30.000 euro bitartekoak eta 30.000 eurotik gorakoak.
Tasa berriak ere onartu ziren: lizeo azpiko lokala erabili nahi dutenentzat (irabazi asmoa dutenek bakarrik ordainduko dute) eta Iparragirre 2020 egitasmoarekin lotutako merchandising produktuei dagokiena.
Ordenantza fiskalak onartzeaz gain, alkate kargua alkateak bere familiako enpresetan dituenekin bateragarria dela aitortu zuten. Irailaren 1a geroztik alkateak udaletxean duen lan jarduna %75ekoa da.
Bestalde, Sarraldeko entsegu lokalen araudiaren aldaketa onartu zuten. Musika taldeek 09:00etatik 01:00etara erabili ahal izango dituzte lokal horiek.
Kataluniako prozesua
Bukatzeko, EAJk eta EH Bilduk Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuari buruz emandako epaiari buruzko adierazpena irakurri zuten. Demokraziaren adierazpen baketsua gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua ziurtatzen dute, Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak ezin direla justifikatu adierazten dute, epaiak zuzenbide estatuaren itxuragabetzea dakarrela nabarmentzen dute, Estatu espainiarraren erantzun bortitzak euskal herritarrei zuzenean eragiten diela azpimarratzen dute herrian borondatea era demokratiko eta baketsuaz erabakitzea mozten duelako, Estatuko botereei preso politikoak aske uzteko eskatzen diete eta Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei elkartasuna adierazten diete.