Urteurrenak, ospakizunak eta bilketa lanak
Beasaingo Murumendi ikastetxearen 25. urtemuga eta Olaberria Lazkaotik banandu zeneko 2. mendeurrena landu zituen Hitzak, gaur 15 urte. Zumarragako udal artxiboa digitalizatzeko asmoen berri ere eman zuen.
Urteurrenak beti dira ospakizunerako aitzakia, eta bi urtemuga borobilen inguruko berri eman zuen Goierriko Hitzak, 2004ko urriaren 22an. Batetik, Beasaingo Murumendi ikastetxearena; 25 urte bete zituen zentroak, eta Begoña Erauskin zuzendariarekin eta Anttoni Okariz ikasteta buruarekin izan zen Hitza. Hasieran “eskola txiki” bezala hasi zena, mende laurdenaren buruan “handi izatea lortu” zutela zioen Erauskinek. Okarizek berriz, 25 urteko oroitzapenen bilduma egingo zutela eta “bazkari eder batekin” ospatuko zutela azaldu zuen.
Ikastetxe baten sorrera oroitzetik, herri baten sorrera gogoratzera. Olaberriak 2. mendeurrena bete zuen 2004an, 1804. urtean banandu baitzen Lazkaoko herritik. Data esanguratsu hori ospatzeko, herriaren historia jasotzen duen liburua argitaratu zuen Juan Carlos Morak. Ospakizunak ere izan zituzten, meza, herri afari eta dantzaldiarekin.
Herri batek bere historian zehar artxibo handia pilatzen du, eta hura digitalizatzeko asmoen berri ere eman zuen Hitzak egun hartan. Hain zuzen ere, Zumarragako udalbatzako aktak, 1652. urtetik honakoak, datu-base digital batean sartu eta kontsultarako moduan jarri zituzten. Antonio Prada Zumarragako agiritegiaren arduradunak eta Anton Arbulu garaiko alkateak eman zuten egitasmoaren berri.