'Goierritarra', lihoa eta herrien arteko senidetzea
'Oroimenaren haritik tiraka', Karmele Aduriz eta Peio Arruabarrena zaldibiarrek lihoaren inguruan jarritako erakusketa, Goierritarra aldizkariaren berrikuntzak, eta Ataun-Sara senidetze eguna izan zituen hizpide Hitzak.
Oroimenaren haritik tiraka. Titular hori zeraman Karmele Aduriz eta Peio Arruabarrena zaldibiarrek, lihoaren inguruan egindako erakusketaz Hitzan argitaratutako erreportajeak. Garai bateko bizimoduaren testigantza izan zen Ordizian egindako erakustaldia. Eta horixe da atal honen helburua, oroimenaren haritik tiraka, duela 15 urte ateratako perlak berreskuratzea.
Hari berari tiraka, Goierritarra aldizkariaren inguruko albistea ere bazekarren 2004ko urriaren 23ko Hitzak. Azalez eta edukiz berrituta zetorren Goierritarra, ordurako hamasei urteko ibilbidea eginda. Hitzaren sorrerara egokitu behar izan zuen aldizkariak, herrietako kronikek ez baitzuten jada garai bateko toki bera. Bi komunikabideen arteko harremana eta elkarlana “etenik gabea” zela zioten aldizkariko arduradunek; horren adibide zen, bien egoitzak bat egin izana ere.
Beste mota bateko senidetze bat, herrien artekoa, hartu zuen hizpide egun hartako Hitzak; Ataun eta Sara herrien artekoa, alegia. Izan ere, bi herrien arteko topaketa zela eta, Ataundik ehun bat laguneko taldea joateko zen Lapurdiko herrira. Joxemiel Barandiaranen bizitoki izan zen Sara, Ataundik eta Hego Euskal Herritik ihes egin behar izan zuenean. Bi udalen arteko harremanaz gain, pilota partidak, bazkaria eta bi herrietako dantzarien saioa izan zituzten. Urtebete beranduago, Ataungo Aian egingo zuten bi herrien arteko festa.