«Herriak herri edo talde bezala funtzionatzea lortu nahi da»
Udal barruko funtzionamenduarekin lehen hartu-emana du Oier Oiarbidek (Gabiria, 1982), eta alkate da, ekainetik. Herritarren artean ikusten duen zirrikitua itxi nahi luke, behingoz, agintaldi honetan.
Udalgintzarekin lehen hartu-emana, eta zuzenean alkatetzara. Erabakia erraza izan al zen?
Ez, erraza ez, ezta gutxiago ere. Zerrendarako jende bila ibili ginenean, inork ez zuen aurrerapausorik ematen, eta zerrenda betetze aldera neu sartuko nintzela erabaki nuen. Zinegotzi izateko intentzioarekin izan zen, baina zazpiok elkartu ginenean bileran, ‘zeinek izan behar du alkate?’, eta denek niregana begiratu zuten. Bada, beno, aurpegia jartzea bakarrik izango denez, eta lana denon artean banatuko dugunean, baldintza horietan neuk hartu dut.
Aurpegia jartzea baino gehiago izango da, hala ere, alkatetza.
Bai, tokatzen da. Azkenean, edozeinek udaleko norbaitekin egon nahi duenean, beti alkatea eskatzen du. Baina Gabirian nola batzordeetan funtzionatzen den, ildoak oso-oso markatuta daude, eta herriak eskatzen duenaren arabera egiten da. Orduan, edozein galderari buelta emateko askoz errazagoa da atzetik babes batekin ematea.
Esperotakoa aurkitu duzu?
Ez, nahiko desberdina. Jendeak zenbat deitzen duen udaletxera ikusi dut; ez nuen uste hainbeste zenik. Gainera, iruditu zait distantzia sentsazio batekin kontaktatzen dela, eta hori ez zait asko gustatu. Udala herriaren zerbitzura dagoen zerbait da, eta hara joan eta eskatu. Baina jendeak duen beldur edo distantzia horrek inpresio zelebrea egin dit.
Urruntasun hori, zergatik ote?
Agian hemen dagoenak titulu bat daukalako, esango dugu? Alkatea edo. Baina ni orain dela bost hilabete Ostatu aurrean zegoen berdina naiz, eta gertutasun hori nahi dut jendeak ikustea. Ez dakit erraza izango den, baina nire asmoa hori da.
Udal talde guztia berria da udalean. Zer abantaila eta desabantaila ditu horrek?
Nik uste, alde ona energia dela. Lehenago egondakoak, lau urteren ondoren pixka bat erreta zeudela ikusten ziren. Desabantaila, berriz, horixe: ez dakizu ezer, ez daukazu ezer garbirik. Baina batzordeetan funtzionatzeak esperientzia bazeneuka bezala jarraitzea ahalbidetzen dizu. Orduan, ez zaude zeu bakarrik guztiaren aurrean, laguntza handia daukazu, eta babes horrek ikaragarri laguntzen du.
Lehen hilabeteotan zer egiteko astia izan duzue?
Sartu eta segituan, lanik handiena festak izan ziren. Ondoren, Ostatuko arazoa eduki dugu: kontratua bukatuko zaio oraingoari, eta ordezko baten bilaketan eta pleguak aurkeztean erabili ditugu lan handienak. Obra bat egiteko ere asmoa badago, urtea bukatu aurretik hasiko dena. Proiektuari ere buelta batzuk eman dizkiogu.
«Jendeak distantzia batekin deitzen du udaletxera, eta hori ez zait asko gustatu»
«Arazo handia da ume falta. Gazteak bertan gelditzeko laguntzea da egin daitekeena»
«Gustatuko litzaidake beti egon den bakokako banaketa, sekula identifikatua sentitu ez naizena, berdintzea»
Ostatuarekin lotutako bi kontratu esleitu dituzue. Gakoa da zerbitzu hori herrirako?
Herriarentzako zerbitzu bat da, nahiz eta negozio bat izan. Kaskoan besterik ez dago, soziedadeak ez direnik. Edozein ekitalditan, beharra izaten da, eta Ostatuak ondo funtzionatzea oinarrizkoa iruditzen zaigu, herrira jendea etor dadin eta herrian mugimendua egon dadin.
Hamar urterako esleipena izango da, lauren ordez?
Berriak pixka bat mimatze aldera. Lehiaketara bakarra aurkeztu da, eta herrikoak dira. Azaroaren 18an hastekotan gelditu dira oraingo ostalariekin.
Udalaren funtzionatzeko era, esan duzunagatik, ez da aldatu.
Lehengo ildotik segituko dugu. Herri txiki bat da, eta ez du merezi batek agindu eta besteek ez dakit zer egitea. Herri guztiaren hitza edo iritzia aditzeko daude batzordeak, eta horiek guri asko laguntzen digute. Jende batek inplikazioa badauka, beste batek ez. Baina funtzionamendu horretan segitzea beharrezkoa du herri txiki batek, ondo aritzeko.
Erronka handienak, agian, soziologikoak ditu Gabiriak? Biztanleria gero eta zaharragoa.
Bai. Gure eskuetan dagoen eta egin daitekeen apurra egiteko asmoan gaude. Jende edadetua gero eta gehiago da, eta oso edadetua, 90 urteak bueltatzen ari dena, mordo bat dago. Saiatuko gara horiei gustatuko litzaiekeen zerbitzu bat ematen. Astean egun batean dinamizazio saio bat egiten dugu. Azkenean, etxetik irteteko dinamika bat da, eroso jarriz. Taxi zerbitzua daukate, etxean hartu eta etxean utzi.
Haur falta ere arazo bihur daiteke, luze gabe?
Arazo handiagoa ikusten dut umeenarekin. Ume asko ez da-go, eta askorik ere ez dago laguntzerik. Laguntzea daukagun bakarra da herrian egin daitekeena egiten, bertako gazteak bertan geratzeko. Obra Batzordean ere hitz egin dugu, nola joka daitekeen: eraikuntza eredua edo etxebizitza mota beste era batera edo desberdina planteatzea.
Zehatzago?
Hemen zegoen dinamika zen etxe handiak egitea, 350.000 edo 400.000 eurokoak. Gazteak prezio horietara ailegatzea oso zaila dago. Udalak dauzkan lurretan etxe txikixeagoak egitea planteatu da, ekonomikoki irisgarriagoak. Alokairu sozial bezala zerbait aurkitzea ere hitz egin dugu. Udalak badauzka bereak diren etxebizitza batzuk, eta kontratatuta dauden okupazio horiek bukatzen direnean, gazteentzako, ahalko balitz, zerbait lotzeko. Azkenean, umeak gazteek edukiko dituzte eta.
Azpiegitura aldetik, zer behar ikusten duzue?
Badaude oraindik baserri batzuk herriko ur sareko korronterik ez daukatenak, eta hori arazo bat iruditzen zait. Bideratzeko modua egon daiteke, datorren urtetik aurrera laguntza batzuk etorriko direlako. Gero, betikoa: baserri-bide batzuk badaude na- hiko gaizki edo oso gaizki. Bestetik, herrian wi-fi sistema irekia jartzeko enpresa batzuekin ari gara hizketan. Asmoa da, ahal bada behintzat, Alegian, Aztirian eta Gabiriako kaskoan wi-fi ireki eta publikoa jartzea.
Zeren agintaldia izan beharko luke 2019-2023ak zure iritziz?
Gustatuko litzaidake beti egon den bandokako banaketa, sekula identifikatuta sentitu ez naizena, berdintzea. Herriak herri bezala funtziona dezala, ez halako edo besteko familiakoa den begiratuta. Hortik, azkenean, herria zatitzera doala iruditzen zait. Gutxi gara, eta banatuta, oraindik gutxiago. Eragileekin bilerak egiteko asmoa daukagu, denen beharrak aztertu, eta denok talde edo herri bezala aritzeko. Horretara ailegatzea lortuko bagenu, ikaragarria izango litzateke.
Herritar guztiei irekitako Whatsapp talde bat sortzeko ideia hortik dator?
Informazioa zabaltzeko biderik errazena eta azkarrena Whatsapp izanda, tresna erakargarria izan daiteke. Inork ez dezala pentsatu ‘haiek informazioa daukate eta guk ez’. Herri bat bezala funtzionatzeko, denok informazio berdina eduki behar dugu. Egunerokotasuneko informazioa zabaltzeko izango litzateke. Orain arteko bideei ere eutsiko diegu, posta, email edo bando bidezkoei.