«Prostituta ahitu egiten da, ez zaio humanitaterik aitortzen»
Tiganus Errumanian jaio zen 1984an. Ekintzaile feminista da orain. Haurra zela talde bortxaketa jasan zuen, gero emakumeen salerosketaren eta prostituzioaren biktima.
Bihar, Legazpiko Kultur Etxean Emakumeak eta neskak: prostituzioaren salgaiak. Nola egiten da puta bat? hitzaldia egingo du, 18:30ean, Gipuzkoako Jabetze Eskolen sareak eta Goierri Garaiko Berdintasun arloak antolatuta. Tiganusen testigantzak ez du beste alde batera begiratzeko aukerarik ematen. ‘Putero’ hitza erabiltzen du, ogia erosten duen bezerotik bereizi nahi baitu gorputza erosi nahi duena.
Datozen lerroek Tiganusen hitzaldiaren sarrera gisako bat dira, legazpiarrei luzatutako gonbidapena kontatzeko daukan guztia bertatik bertara entzutera joan daitezen.
Zein da zure historia?
Haurtzaro ia normala izan zuen langile klaseko familia batean hazitako umea izan nintzen. Ikasle ona, irakasle edo mediku izan nahi zuena. 13 urterekin, baina, bost gizonek atari batean bortxatu ninduten. Ez daukat oroitzapen argirik, lotsa baino ez dut gogoratzen. Nirea, eta gurasoek jakinez gero sentituko zutena. Arbuioaren beldur, ez nuen ezer ere esan. Isiltasunak, akaso, gertatu ez bazen bezala jokatzen utziko zidanaren fantasia nuen.
Ez zen halakorik gertatu.
Ez, inondik ere. Izaera txarrera aldatu zitzaidan. Eskolatik eta etxetik ihes egiten nuen… Eta bortxatu nindutenek beste gizon batzuk ohartarazi, eta bortxaketa sistematikoak jasan nituen gurasoei gertatutakoa jakinaraziko zietenaren mehatxupean. Nire inguruek arbuiatu egin ninduten. Puta etiketa jarri zidaten. Lagun guztiak galdu nituen. Ikasketak utzi nituen. Abandonu egoeran geratu nintzen.
Espainian prostituzioan arituta diru asko irabaziko nuela eta bizimodu ona izango nuela esan zidaten 17 urte eta erdi nituenean. Engainatu egin ninduten, jakina. Ez zaituzte soilik engainatzen garbiketa lanak egitera iritsiko zarela eta gero prostituzio-etxe batean sartzen zaituztenean. Ni engainatu egin ninduten, 300 eurogatik erosi ninduen proxeneta batek eta Alacanteko burdel batera eraman ninduten. Bost urtetan berrogei prostituzio-etxetatik pasa nintzen.
Nolako bizimodua da burdel barrukoa?
Suntsipen espiral batek harrapatzen zaitu: puteroen biolentzia, alkohol eta droga kontsumoa. 12 orduko lanaldiak eta 24 orduz proxeneten mende; haiek esaten dizutenean jaten duzu, haiek esaten dizutenean jantzi. Penetrazioen tortura jasan duzun koltxoi beretan egiten duzu lo. Logelen alokairua ordaindu behar duzu, dirutza bat. Isun sistema bat dago. Proxenetak saltzen dizkizu oinarrizko produktuak. Makineria osoa zorretan etengabean egon zaitezen prestatuta dago. Arazoa da gau batez zortzi putero edo hiru izan ahal dituzula, eta hiru badituzu zorra handitzen doala ez baituzu gastuak ordaintzeko nahikoa irabazten. Burdelak kontzentrazio-eremuak dira.
Zuen arteko harremanak nolakoak ziren han?
Bizirautea ipar, lehiakortasun dinamiketan sartzen zara. Puteroek aukeratzen dute, falazia da prostitutek aukeratzen dutenaren ideia hori. Testuinguru horretan oso zaila da laguntasun harremanak eraikitzea. Erasoak nozitzen genituenean soilik elkartzen ginen. Proxenetek esaten ziguten, gainera, han ez geundela lagunak egiteko.
Proxeneta asko eta asko bazkideak dira eta beste estrategia bat tokialdatzeak dira; ni berrogei burdeletatik pasa nintzen. Neska berriak nahi dituzte eta denbora gutxian lekuz aldatzen zaituzte. Horrek guztiak bakardadea eta hauskortasuna area- gotzen ditu.
Prostituzioak nola eragiten dio emakumearen gorputzari?
Sexu-transmisiozko gaixotasunekin kutsatzeko arriskuak ez dauka etenik. Gernu-infekzioak konstanteak dira; baginako eta uzkiko urratuak ere bai. Bortxaketak nozitzen dituzu une oro. Izan ere, antikapitalista eta feminista naizenez gero, edozein bortxaketan gertatzen dena gertatzen da burdelean; alde bakarra, tartean dirua dagoela da.
Prostituta ahitu egiten da, ez zaio humanitaterik aitortzen. Zakilak gorputzean sartzen dizkizute eta zure gorputza gauza bihurtzen da.
Atera zinen.
Itxura batean atea beti dago zabalik. Aitzitik, zorrek alde batetik eta bestetik psikologikoki dituzun kateek balazta egiten dizute. Kanpoan ez nuen onartuko eta lagunduko ninduen gizarterik ikusten; puta baten gisan ikusten ninduen jendea baino ez zegoen. Bost urte igaro zirenera arte ez nuen lortu. Eta, lortu banuen, fisikoki eta psikologikoki kolapsatu egin nintzelako izan zen. Egoera hartan proxenetentzat ez nuen baliorik. Zorte handia izan nuen inguruan nigan gorputz bat baino gehiago ikusi zuenik izan nuelako.
Feminismoak zer eskaini dizu?
Teoria feministek gertatu zaidan horri guztiari hitzak jartzeko eta lotsa, errua eta beldurraz askatzeko aukera eman dit. Sekula ez naiz berriro bakarrik sentitu. Aurpegia emateko eta ekintzaile bihurtzeko aukerak ere baliatu dizkit. Izan ere, artean mediku izan nahian eskolara doazen neskak bortxatzen ari dira eta gizarteak bizkarra ematen die oraindik ere.
Abolizionista zara.
Prostituzioa ez da lanbidea. Dagoen bitartean ez dugu berdintasunik lortuko.