«Eraikin bakarra eta irisgarritasun hobea» izango ditu Urkipe berriak
Proiektuak 2 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Orain arteko eraikina dagoen tokian kokatuko da erakin berria. Eskolako zuzendaritza «ilusioz» dago
Itsasondon eskola berria eraikiko du Eusko Jaurlaritzak udalaren lurretan, herritarren eskaera historikoari erantzunez. Urkipe Herri Eskola herriko eskola bakarra da eta Gipuzkoan dauden eskola txikietako bat gainera. «Ilusioz» jaso du albistea zuzendaritza taldeak.
Itsasondoko udala 2010. urtean hasi zen ikastetxearen baldintzak hobetzeko lanean eta 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza saileko arduradunarekin adostu zuten ikastetxearen baldintzak ezartzea eta kokapenaren inguruko aurrera pausoak ematea, «bidea luzea izango» zela azalduz.
Udalaren helburuak «eraikin berri bat eraikitzea eta instalazio berriak gaur egun eskola kokatzen den lursailean kokatzea» izan dira. Donostiako RM Arkitektura estudioak egindako aurretiazko azterketaren arabera, «2.083.391,31 euroko aurrekontua» izango da. Orain, Eusko Jaurlaritzak proiektuaren eraikuntza lehiaketara ateratzea izango da hurrengo urratsa.
Eskola berriak «eraikin bakarra» izango du. Nukleo nagusiak hiru solairu izango ditu, «azpialdeko biak plazako kotaren azpitik eta hirugarrena plazako kotatik gora». Nukleo horretatik at geratzen den bolumenak bi solairu izango ditu, eta «goiko plazaren kotaren azpian egongo da». Eraikinaren aurrealdean kanpoko jolas gune eta kirol pistak kokatuko dituzte.
Espazioaren antolamenduari dagokionez, proiektuak ekarpen «garrantzitsua» proposatzen du Goiko plazarako. azalera «bikoiztu» egingo delako. Gainera, bi sarrera proposatzen ditu, plazatik bata eta ikastetxeko patiotik bestea.
Proiektuak udalerriari «hobekuntza nabaria» ekar liezaiokeen proposamen gehiago ere baditu; hain zuzen Kale Nagusia eta Goiko kaleren artean dagoen kota aldaketa murriztea. Era horretan, udalerriko alderdi gehienetatik ibilbide «irisgarriak» sortuko lirateke.
Orain arteko trabak
Ikasturte honetan «70 ikasle, 48 familia eta 10 irakasle» ari dira elkarlanean Urkipen. «Ametsez beteriko eskola» dutela nabarmendu dute eta sarritan «eraikina da oztopoak jarri» dizkiena. Batetik, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak bi eraikin izateagatik banatuta daude. Bestetik, «traba arkitektoniko ugari eta horiek sortzen dituzten irisgarritasun zailtasunak» daude. Noiz edo noiz, ikasleren batek min hartu eta ezin ibili gelditu denean, «bizkar gainean hartuta» sartu edo atera behar izan dute ikastetxetik. «Umorez» hartu izan dute, «besterik ez zegoelako».
Orain aldaketarako unea iritsi da, nahiz eta obrak hasi bitartean, nola moldatuko diren aztertu beharko duten. Izan ere, orain arteko eraikina bota eta toki berean eraikiko dute berria. Hori horrela, eskola berria eraiki bitartean, udaletxean kokatuko dira.