Zilar ardikia Zaldibian
Ardiki Eguna ospatuko dute zaldibiarrek, 25. aldiz, igandean. Mondeju lehiaketarako izen-ematea ugaritu da. Aralarko gazta onena aukeratuko dute. Liburuxkan jaso dute festaren historia
«Aguro pasatu da denbora, egundoko abiadan». Irudipen hori du Zaldibiako Ardiki Kofradiako Migel Mari Irastortzak, igandean 25. aldiz ospatuko den Ardiki Egunaren aurreko prestakuntzetan sartuta. Artzaintzaren milaka urteko ibai luzean tanta bat besterik ez dateke, baina galtzear edo, gutxinez, asko aldatzear den bizimodu baten transmisiorako, berebiziko za-ma eta ikusgarritasuna duena.
Artzainen ofizioak eta produktuak izango ditu Ardiki Egunak oinarri, betiko legez. Mondeju lehiaketak 25. ekitaldia du, horren bueltan hasi baitzen, eta Aralarko gazta lehiaketak 22.a. Egaña eta Lizaso, sari emaile.
Bederatzina lagunek osatuko dituzte bi epaimahaiak. Mondejuarenean Iban Mate (Dolarea), Luis Usabiaga (Olano Harategia) eta Eukene Navio zaldibiar sukaldaria (Castillo) eseriko dira; gaztarenean, Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe), Ander Barandiaran artzaina (Idiazabal) eta Joseba Beitia teknikaria (Lurlan). Zaldibiarrek osatuko dituzte bederatziko dastatzaile taldeak.
Mondeju zuria da izarra
Ardiki Eguneko gutizia estimatuena, noski, mondeju zuria da. Zaldibian berpiztea izan du mondeju egiteak, eta gazte ugarik parte hartuko du lehiaketan. Atzo 18-19 partaide zeuden izena emanda (bihar arte dago epea).
Gaur egun, baserri askotan ardiak kendu dituztenez, ardikia lortzea izaten da lehen lana. «Ardiki Kofradiak, azkeneko urteetan, bost ardi hiltzen ditu urtero, Zaldibiako artzain bati hartuta», azaldu du Irastortzak.
Egun osoan izango da festa-giroa, nahiz azoka goiz-eguartean izan. Herriko jatetxeetan ardikia zerbitzatuko dute igandean.
Liburuxka berezia, kalean
Ardiki Egunaren 25. urteurrena denean, liburuxka argitaratu du kofradiak. 700 aleko lehen tiradari, 300eko beste bat gehitu behar izan diote, etxe guztietara eta eskatutako denei banatu ahal izateko. Festaren jatorria, helburuak eta historia xehatzen dira argitalpenean.
Etorkizuna bideratuta ikusten du egungo antolatzaile taldeak. «Hasi ginenean ume zirenak, mondeju egiten ari dira orain. Gurpilak horrela segitu behar du, biraka». Eta mondejua janez.
EGITARAUA
Azaroak 24, igandea
· 10:30. Hasiera. Diana txistulari, trikitilari eta dultzaineroekin.
· Erakusketak: Ardi gazta eta mondejua egiten. Artilea lantzen, galtzerdiak, saskiak eta aulkiak egiten, ehundegia… Latxa ardiak, ahuntza azpigorriak eta pottokak. Artisautza lanak.
· 11:00. 25. Mondeju Lehiaketa eta 22. Aralarko Gazta Lehiaketa.
· 12:00. Astazerra erakustaldia: arpanarekin eta trontza portugaldarrarekin enbor zerratzen.
· 12:30. Sari banaketa.
· 14:30. Bazkaria.
· 18:00. VI. Erromeri Bira.
· 19:30. Lagunarteko kalejira.