Ardanbidetako festa
Kimu-Berri elkarteak antolatuta, etzi Ardanbidetako Erromeria izango da. Izadi Zaleak taldekoekin igoko dira haurrak 09:00etan Legazpitik. Eguraldiak lagunduz gero, egun osoko jaia izango da
Ardanbidetako Erromeria klasiko bat da Legazpin. Urtero ospatzen dute udazken sasoian, eta erromeriak berak bere xarma izanda ere, Kimu-Berri elkarteko antolatzaileek urtean zehar, igandez igande, egiten duten lanari azpimarra egitea ezinbestekoa da. Erromeria datorren igandean izango da, etzi. 10:00etatik 12:00etara salda eta txorizoa banatuko dute.
Alegia, igandero egiten dutena egingo dute. Izan ere, iraileko lehenengo igandetik uztailaren azkenekora arte elkarteko kideek edana eta mokadutxoa ematen diete handik pasatzen diren mendizaleei, izan eguzki, euri zein elur. Kimu-Berriko kide Ruben Garmendiari erreleborik izango duten galdetuta honakoa erantzun du: «Bost lagun daude igandeetako banaketa lana egiteko itxaron-zerrendan». Igandero, batez beste, 30 bat lagun pasatzen dira aterpetxetik eta bisitariek goia jotzen dutenean ehun bat inguru dira, «urtean lauzpabost alditan etortzen da horrenbesteko jendetza».
Etzi, salda eta txorizo banaketaz gain, festa egingo dute. 09:00etan Izadi Zaleak mendizale elkarteko kideekin igoko dira haurrak. 11:00etan zaldi gainean txangoak egiteko aukera izango dute umeek Ormazarreta zalditegiko kideekin.
Kirol erronkak egiteko asmoa daukate, bi talde osatu eta lehian jarri korrikan, txirrindularitzan, lokotxak jasotzen, txingak eramaten eta ingude altxaketan. Irabazleentzat sariak egongo direla jakinarazi du Garmendiak; kirol jokoak 12:15etik aurrera izango dira. Ondoren herri bazkaria nork bere bazkaria eramanda eta gero, soka tira. Autobusak egongo dira Laubidetik joan-etorrian 10:00-14:00 eta 16:00-18:00.