Ataun zeharkatuko duen Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean jokatuko dute
Lau hamarkada betetzeko bidean, 39. korrika proba izango da. Korrikalariak 11:00etan abiatuko dira, 17,3 kilometroko bidean. Aurreneko hiruna sailkatuek dituzte sariak, eta oparia guztiek
Goierriko korrika proben artean antzinakoenetakoa da Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia. Igandean 39. ekitaldia izango du, eta Joxe Martin Barandiaran Mantza zenaren oroimenez bosgarren aldiz egingo da.
Betiko baldintzak eta ezaugarriak izango ditu Hiru Auzoetako Korrikaldiak. Baita zailtasuna ere. Karrera gogorra da, bai luzerari dagokionez (17,3 km), bai gora-beheragatik. San Martin auzoko plazatik abiatu, San Gregorio zeharkatuta Kaxetaraino iritsi, eta Aiako plazara igoko dira korrikalariak. Handik bueltan, beherantz izango dute ibilbidearen beste erdia, San Martingo helmugaraino.
Lasterketa 11:00etan hasiko da. Izena aurrez Interneten eman daiteke (kirolprobak.com eta ataun.eus webguneetan), baina egunean berean 10:00etatik aurrera ere aukera badago. 12 euro da aurrez, 15 egunean.
Proba nagusikoak irten ondoren, haurren korrikalditxoa egingo dute, kalean bertan.
Lehendabizikoa helmugan ordutebeteren bueltan izango da. Gizonezkoen errekorra 54:10 minutuan dago jarrita, eta emakumezkoena 1:06:00 orduan.
Sariak eta opariak
Gehienez bi ordu jarri ditu Ataungo Atletismo Talde antolatzaileak atletentzat, bukatzeko. Adin mugarik ez dago, baina 18 urtez behekoek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute.
Sailkapen nagusiko lehen hiru gizonek eta lehen hiru emakumeek izango dute saria. Baita lehenengo beteranoek ere: 40 urtetik gora emakumeetan, 45etik gorakoak gizonetan. Aurreneko ataundarra eta ataundar beteranoa sarituko dituzte. Denentzat opariak eta sariak izango dira.
Karrerak irauten duen bitartean, errepidean errei bakarra utziko dute autoek zirkulatzeko. Adi ibiltzeko eskatu dute.