Gorka Hermosak 'Atlantia Ë Ria' proiektua aurkeztuko du igandean Urretxun
Kontzertua San Martin de Tours parrokian izango da, 19:00etan. Ozeano Atlantiko musiken fusio hau Piruchi Apo abeslariarekin eta Jose Luis Monton gitarra-jotzailearekin sortu du
Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak Atlantia Ë Ria proiektua aurkeztuko du igandean, San Martin de Tours elizan. Udazkeneko Musika Zikloaren barruan antolatutako kontzertua hau 19:00etan hasiko da.
Atlantia Ë Ria egitasmoa Hermosak, Piruchi Apo soprano ginearrak eta Jose Luis Monton gitarra jotzaile espainiarrak jarri dute abian.
Ë Ria hitzak herria esan nahi du Aporen ama hizkuntzan (bubia). Bi hizkuntzetako hitzak oso antzekoak direla konturatu zirenean, ozeano Atlantikoko herrietako musiken fusioa egitea erabaki zuten. Egitasmo honen bitartez itsasoaren kultura topaleku funtzioa aldarrikatu nahi dute.
Afrika, Amerika eta Europa
Egitasmo berritzaile honek hiru musikarien musika tradizioak uztartzen ditu. Proiektu honetan tangoa, zortzikoa, buleria, fandangoa, kunderea, tinga… nahasten dituzte.
Urretxun taldeak sortutako kantak eta hiru musikariek lehenago konposatutakoak joko dituzte. Azken horiek taldearen izaerara egokitu dituzte.
Hermosak ez du aurkezpenik behar. Urretxuarra akordeoiaren prestigioa hobetzeko gogor lan egin du. Gasteizko kontserbatorioan ikasi zuen eta ikasketak Ohorezko Sariarekin amaitu zituen. Bera izan zen Espainiako orkestra sinfoniko batekin bakarlari bezala jo zuen lehen akordeoilaria. Ordutik, orkestra askorekin jo du. Urteko konposizio onenaren saria bi aldiz irabazi du eta bere obrak bost kontinenteetako akordeoilariek jotzen dituzte.
Estilo oso ezberdinak jotzen ditu, musikari oso ezagunekin jo du, 30 disko baino gehiagotan parte hartu du eta akordeoiaren historiari buruzko lau liburu idatzi ditu.
Apo Afrikako abeslari ezagunenetako bat da. 1992ko Expoaren inaugurazioan eta OTI jaialdian parte hartu zuen. Las Hijas del Sol duoko kidea izan zen eta giza eskubideen aldeko hamaika ekimenetan parte hartu du.
Montonek flamenkoa jotzen du batez ere eta Bartzelona, Nimes eta Madrilen sariak lortu ditu. Herrialde ezberdinetan jo du orkestra garrantzitsuekin eta Espainiako Ballet Nazionalaren azken ikuskizuneko musika konposatu du. Hiru musikari hauek bi kolaboratzaile dituzte: Antony Da Cruz baxu jotzailea eta Odei Lizaso perkusionista.