Komunikazioari eskaini dio Gerriko elkarteak 'Berriketan' hitzaldi sorta
Kazetaritzaren bilakaera, Argia aldizkariaren 100. urtemuga eta Fake News edo notizia faltsuak izango dituzte hizpide Gerriko elkartean, hiru saiotan.
Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak komunikazioa hartu du Berriketan hitzaldi zikloaren gaitzat. Hiru astetan, asteko solasaldi bana egingo dute adituekin, Gerriko txokoan 18:30ean hasita. Lazkaoko kazetari gazteak izango dira moderatzaile.
Asteartean hasiko da zikloa, urriaren 29an. Argia astekariak ehun urte bete ditu, eta Estitxu Eizagirre eta Gorka Bereziartua gonbidatuko dituzte. Argiak 100 urte eta… ez gara neutralak hitzaldia egingo dute, Ane Muruamendiarazek aurkeztuta.
Azaroaren 6an, asteazkena, Elixabete Garmendia eta Iñaki Leturia kazetari ormaiztegiarrek Eraldaketa kazetaritzan. Ofizioaren bilakaera landuko dute. Izaro Intsaustik aurkeztuko du.
Azkenik, azaroaren 11n, astelehena, Fito Rodriguezek Fake news-ak ez dira atzo goizekoak gaia jorratuko du. Maddi Garmendia izango da aurkezle.